Chantal Astorga eta Jewell Lund «Denali diamond»-ez jabetu dira
Denaliko bide hori igotzen lehen emakumezko sokada izan da. Oro har, Alaskako marrarik zailenetarikoa da. Alpinistok bost egun behar izan zituzten 2.000 metro luze den «Denali diamond» eskalatzeko. Honako zailtasun teknikoak ditu: 5.9, A3, M6, A1 eta WI5+.
“Denali diamond” Denali mendiak (6.194 m) duen bide gogorrenetarikoa zein zorrotzenetarikoa da. Hego-mendebaldeko aurpegian marraztuta dago, 2.000 metro luze da eta 6 gradua du Alaskako eskalan. Zailtasun teknikoei begiratzen badiegu, alpinismoko osagai guztiak ditu; eta, gainera, gogorrak: 5.9, A3, M6, A1 eta WI5+.
Bada, udararen hasierarekin batera, Chantal Astorga eta Jewell Lund estatubatuarrek marra hori eskalatu zuten. Hiru eguneko aurreikuspena egin zuten, baina eskalada exijente horrek beste bi eskatu zien. Emaitza bikaina baino bikainagoa izan da; izan ere, “Denali diamond” igotzen lehen emakumezko sokada izan da. Eta kontuan hartu behar dugu, Denaliren bide zorrotzenetarikoa izateaz gain, Alaskako zailenetarikoa ere badela.
Baina, nortzuk ote dira protagonistok? Hitz gutxitan esanda, nazioarte mailan apenas diren ezagunak. Alabaina, alpinistok erakutsi dute eskarmentu nahikoa dutela; Denalin sinatutako jarduera ez baita txikikeria bat. Soilik gogoratu behar dugu marra hori sokada gutxik sinatu dutela. Lehen igoera 1983. urtean izan zen, eta protagonistak Bryan Becker eta Rolf Graage izan ziren. Ondoren, besteak beste, bide horretatik Kenton Cool, Fumitaka Ichimura eta Colin Haley igaro dira. Azpimarratzeko modukoa da, duela bost urte, Kazuaki Amano, Ryo Masumoto eta Takai Nagato japoniarrek “Denali diamond”-i puntu gorria jarri ziotela (M7/7+).
Aurreratu dugun bezala, Astorgak eta Jewellek bost egun behar izan zituzten (ekainaren 15etik 19ra) igoera ikusgarri hori egiteko. Amaitu, gainera, era bitxi batean bukatu zuten: «Gure azken eskalada egunean une berezi bat bizi izan genuen. Cassin ertzera daramaten aldats elurtuak eskalatzen ari ginen. Janaririk ez genuen, eta, beraz, gosez ginen. Bat-batean zaku bat ikusi genuen: janari liofilizatua zeukan! Kozinatzen hasi ginen, eta ohartu ere zapore oso txarra zuela. Hala ere, den-dena bukatu genuen, sabela bete eta oso emozionatuta aurrera jarraitu genuen. Pizgarri horrek azken urratsak egiten lagundu zigun».
“Denali diamond”-era abiatu aurretik, Astorgak eta Lundek erabaki zuten Huntington mendian entrenatzea. Horretarako, “Polarchrome” bidea (5.9+, WI5+) eskalatu zuten. Lundek esan duenez, eskarmentu ederra izan zen: «Erabateko luxua izan zen. Eta hori diot, besteak beste, marra horren inguruko informaziorik ez genuelako. Egoera ezezagun batean buru-belarri sartu ginen, eta biok ala biok probatu nahi genuen zer moduz konponduko ginen elkarrekin eskalatzen. Eta emaitza ikaragarri ona izan zen».
Behin entrenamendua amaituta, sokada Denalira joan zen. Aipatu behar dugu ingurune hori Astorgak ezagutzen duela; izan ere, 2008tik 2011ra Denalin gida lanetan jardun zuen. Eta hain zuzen ere, bisita horietan “Denali diamond” bidearekin harrapatuta geratu zen.
Lundek, aldiz, Ipar Amerikako mendi garaienean lehen bisita zuen: «Marra horren inguruan informazioa pilatu nuen. A3-ko sabaia nolakoa izango ote zen galdetzen nion neure buruari. Eta, horretaz gain, nor ote zen Chantal hori? Zergatik eskalatu nahi ote zuen bide hori? Baina Huntington igo ondoren, argi neukan ondoan sokakide aparta izango nuela. Ezusteko polita izan da, nire mendiko ibilbidean izan dudan eskarmentu ederrenetarikoa Chantalekin bizi izan dudalako. Ondo konpontzen gara, eta egun bat baino gehiagoko jardueretan izan dudan sokakide onena izan da».
Bost egun
Girora egokitzeko, alpinistok West Buttress-en (4.000 metrotik gora) jardun zuten. 5.000 metroko kotara ere heldu ziren, eta, ondoren, mendiaren hego-mendebaldeko aurpegian dagoen paretaren sarrerara jaitsi ziren.
Eskaladaren lehen eguna nahiko gogorra izan zen. Eguraldi egonkorra tarteko, sokadak bidearen lehen zazpi luzeak ensamblean igo zituen. Astorgak azpimarratu nahi izan duenez, eskalada egunak oso luzeak ziren: «30 ordu gelditu gabe eskalatzen izan ginen. Tenperatura nahiko altua zenez, sei orduko atsedena hartzea erabaki genuen. Ura edozein tokitatik jaisten zen! Gainera, bibaka antolatzeko leku egokirik ez genuen aurkitu. Azkenean, izotzean 30x90 zentimetroko txoko bat atondu genuen. Han, eserita, bi ordu igaro genituen. Atseden hartzeko leku txarra zenez, aurrera jarraitu genuen, eta denda altxatzeko toki on batekin egin genuen topo. Arratsalde eta gau osoa lo egiten eman genuen».
Goizeko hamarretan altxatu eta berriro 30 orduko jardunari aurre egin zioten. Hain zuzen ere, bidearen sekzio gogorrenak jardun horretan gainditu behar izan zituzten. Astorgak dioenez, izotza oso fina zen eta arrokaren kalitatea txarra: «Bidearen giltza aurrean genuen: M6 eta A1 (M7/7+ era askean). Behin hori gaindituta, ohartu ginen haren aurretik eta ondoren eskalatutako luzeak giltzaren luzea bezain gogorrak zirela. Agian baten bat zailagoa zen. Hori bai, tarte horietan granitoaren kalitatea oso ona zen; urrezko granitoa zirudien!».
Ordu asko zeramaten eskalatzen, baina, alabaina, Lundek adierazi duen modura, ez zuten dudarik izan aurrera jarraitzeko: «Norbera bere munduan sartuta zegoen. Bagenekien zailtasun tekniko gogorrei egin behar geniela aurre, baina bagenekien ere burua sendo mantendu behar genuela».
Bidearen goialdean, berriz, alpinistok “ezustekoa” izan zuten: «Izotz lodia espero genuen, baina oso fina zen. Horren ondorioz, arreta handiarekin eskalatu behar izan genuen. Azkenean, Cassin ertzera heldu ginen, eta ia arazorik gabe gailurra egin genuen. Marra sinestezina da; inoiz bizi izan dudan eskarmentu ederrena izan da. Biok diogu inoiz eskalatu dugun marra onenetarikoa izan dela. Luze tekniko guztiak bikainak baino bikainagoak dira, eta oso gogorrak».