GARA Euskal Herriko egunkaria
ALPINISMOA

WOPeak espedizioa iritsi da kanpamentu nagusira

Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza, Chamlang mendiaren iparraldea lantzeko prest.


Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza mendigoizaleek osatutako WOPeak espedizioa Chamlang (7.319 m) mendiko kanpamentu nagusira iritsi da jada. Helburua erabat ezezaguna den iparraldetik gailurra egitea da, eta horretarako datozen egunetan azterketa lanak egin beharko dituzte.

Espedizioaren prentsa zerbitzuak jakinarazi duenez, 5.000 metrora dagoen kanpamentu nagusirako bidea ere ezezaguna zen horren esperientzia zabala duten hiru mendizaleentzat. «Aurreneko lau egunetan euri asko egin digu eta gogorra izan da, ia itsu-itsuan ibili behar izan baitugu», azaldu du Iñurrategik.

Bide horretan bi zailtasun nagusi izan dituzte, 4.600 eta 5.400 metroko bi pasabide. Iñurrategiren hitzetan, aurreneko igoera «oso bat-batekoa» izan zen, baina arazorik gabe gainditu zituzten biak eta ongi etorri zaizkie aklimataziorako. Bideko azken egunean, gainera, eguraldiak hobera egin zuen eta horrek paisaiaz gozatzeko aukera ere eman zien: «Ikusgarria da».

Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza gaur bertan ingurua aztertzen hastekoak ziren. Horretarako, lehen lana 6.000 metrora dagoen gain batean hiru bat egun igarotzea izango da. «Iparraldeko aurpegia ezagutzea da helburua, eta bide batez aklimatatzen joatea», aipatu zuen Iñurrategik datozen egunetarako egin duten planari buruz.