Amagoia Mujika
Kazetaria
IKUSMIRA

Gerra denetan ge[zu]rra libre?

Batzuetan eguna espero baino gogorrago esnatzen da, uste baino malkartsuago. Hala ere, pentsatzen dut eguna aldrebestuko dizuten gauzen zerrendan agertu ere ez dela egiten «komunikabide zenbaitek ETAko buruzagia zarela argitaratuko dute» aukera. Pentsatzekoa da Peio Sanchez iruindarrak ez zuela esnaera samurra izan joan den astean, eta geroztik ez duela lo gozoa izan. Lakuako Segurtasun Sailak «akats» bat izan dela esan du, «egiazko oinarririk gabeko informazioa», eta lasai ederrean geratu da. Informazioa argitaratu zuten egunkariak bezain lasai.

Igandean, “La Razón” egunkariak portadan argitaratu zuen Parisko atentatuen «egileetako baten» argazkia. Ez «ustezko» eta ez ezer. Ikerketako iturriak aipatzen zituen, gure etxean Olentzero aipatzen den alaitasun eta sinesgarritasun igualtsuarekin. Eta non agertu den Veerender Jubbal –kazetaria, idazlea eta Interneteko jokoen kritikaria– Kanadatik builaka sare sozialen bitartez argazkikoa bera dela eta sekula Parisen ez dela egon esanez.

Baina zein meritu klase egin du tipo horrek bat-batean “La Razon” egunkariko portadan terrorista modura agertzeko? Bere etxeko komunean selfie bat atera zuen eta sare sozialetan zintzilikatu. Etsai dituen batzuek bere argazkia hartu eta manipulatu egin zuten. Ondorioa: Etxeko ispiluari begira agertzen zen tipo inuzentea oso arriskutsua dirudien jihadista bihurtu zuten; justu “La Razon”-ek behar zuena.

Gerra denetan ge[zu]rra libre. Eta ohitu egin gara gerrara, gezurrera, eta batzuek beti gezurra doan izatera.