Elkartasuna bizigai
Sasoi honetan ohikoa den lez, hotzak hartu ditu jada gure kaleak, euria hasi da bazterrak bustitzen, haizeak gogotik ekin dio zuhaitzak astintzeari. Euri tantek kristala zipriztintzen duten bitartean, etxeko epeltasunean Olentzerori gutuna idazten ari zaio txikia, desioen zerrenda luzean aukera egin ezinean.
Eta hala etorri zait burura Gabonak iristen doazen heinean sortzen zaigula halako sentipen zurrunbiloa, kontzientziako harra astintzen diguna. Gaua babesean emateko etxe baten faltan aterpe bila aritu behar dutenek, etxean hotzez egotera kondenatuta daudenek, opari eta gutiziak beste baterako utzi behar dituztenek negu gorria are gordinago bizi dutela ohartzen garenean. Urte osoan gertatzen den egoera bada ere, sentiberatasuna pizten zaigu biltegi batean elikagaiez betetako kutxa dorreak ikusten ditugunean, beharrean dauden familiei banatuak izateko prest. Edo aterpetxeetan afari beroa eta lo egiteko toki bat bermatzearren boluntarioak lanean ikusten ditugunean. Hain juxtu, bihar eta etzi egingo dute Hego Euskal Herriko supermerkatuetan azken urteotan behartutako ohitura bihurtu den elikagai bilketa. Horri esker, familia askok diru iturririk gabe lortzerik ez daukaten jatekoa izango dute bolada batean.
Zinez elkartasun ariketa garrantzitsuak bihurtu dira halakoak, aitortu beharrekoak. Ezin alboratu, ordea, erakunde publikoek bete beharreko hutsunea dela hori, hauen ardura dela etengabe hazten ari den desberdintasun egoeraren aurrean ongizatea gizarte osora hel dadila bermatzea. Asmoen aitortza gainditu eta politika justizia sozialaz elikatuz, elkartasunak bizigai nagusi izateari utz diezaion.