01 DIC. 2015 IKUSMIRA Ez dute ulertu, ez dute ulertu nahi (Aupa Rafa!) Mikel Zubimendi Kazetaria Interneten nagusi den anonimatoaren kulturak, iritzia ematea baino, pertsona iraintzea lehenesten du askotan. Tonu pertsonal eta zuzen batean pertsona baten kontra matoiarena egiteak nire onetik ateratzen nau. Ez dute ospatzen gure jendearen askotarikotasuna eta gurea ez denarekin elkarrekikotasuna. Ez dute argi pentsatu eta konklusioetara iristeko indarra, ez dute gure komunitatearen aurrean, publikoki, izen-abizenez, aurkezteko kuraia. Inportanteagoa da ohorea zikintzea, izena belztea. Azken garaiotan Rafa Larreinarekin entretenituta daude oso aspertuta dabiltzan batzuk. EH Bilduren hautagai izatea heresia barkaezina, eskandalua omen dute. Ez dute ulertzen, ez dute ulertu nahi: gu ez garela inoiz kontrakulturalak izan, ez gara abstentzioaren kulturakoak, ez ginen antisistema izateko jaio eta ez dugula «euskal CUP» bat bilakatzeko bokazioa. Ez dute ulertzen, ez dute ulertu nahi: sortze beretik kontraesana dugula aurrerabide. Gure herria askatzeko iraultzailea eta aristokrata elkarrekin behar ditugula Argalak eta Telesforo Monzonek erakutsi zigutela; euskal apaizek bete zutela Zamorako espetxea, marxistek eta enpresariek bultzatu zutela Herri Batasuna, igandero mezetara doazenak eta antiklerikalak behar ditugula, ordena maite duen jendea eta anarkistak. Twiterreko «iraultzaile» horiek, izan hain erradikal eta kontrakultural itxuraz ageri diren horiek edo orain super abstentzionistak diren ENAMen nostalgikoak, Larreina deabrutu baino hobe lukete nagi intelektualak kendu eta ulertzen saiatzea. Zuri Rafa, eutsi eta besarkada eder bat.