02 DIC. 2015 IKUSMIRA Begirada neur daiteke, begiekin esaten dena ez Maider Eizmendi Kazetaria Atzerako kontaketan sartuak gaude; ez da hasi, baina hasi da. Irrati tertulian entzun ditut Kongresu espainolerako hautagaiek elkarri aurpegiratutakoak eta ikus- entzuleei begira egin dituzten proposamenak, eta imajinatzen ditut euren aholkulariak irudiak errepasatzen eta datozen egunetan egin beharko duten itxurakeria planifikatzen. Hitzak, janzkera, keinuak neurtzen dizkiete herritarren konfiantza lortzeko edota, behinik behin, hura erabat galtzeko. Begirada ere neurtzen diete, baina begiek diotena ezin eta, hortxe koska, konfiantza hitzekin baino, esan ez baina igortzen den horrekin lotua dagoelako. Horretan maisu eta maistrak izan dira, sentimenduez erretolikarako baliabide gehiegi ez, baina, hala ere, transmisiorako aparteko gaitasuna izan dutenak; agian, ezintasuna bertute egiten jakin duten horiek. Zorionez, gutako askok franko ikasi dugu begiez eta begietatik. Ez dut gogoratzen inoiz aholku zerrenda luzerik eman didanik, ez da izan eskola luzeak ematea gustatu zaion horietakoa. Jario handikoa izanagatik, begietatik eta begietara hitz egin du benetan hitz egin behar izan duenean. Hotzikarak ere begiekin sentitzen zituen amonak, emozioak begiak puztuta adierazten zituelako; eta poza, hura ere begiekin esaten zuen, begi bazterretan pilatutako zimurduretan irakurtzen zitzaiolako, batez ere. Begietara begira eta begi larrituta galdetu zidan behin «hasi zara berriz ere barrez?». Triste utzi gaitu bere begiak gehiago ikusiko ez ditugula jakiteak, baina hasiko gara berriz ere barrez...