Andoni ARABAOLAZA
KIROL ESKALADA

Janja Garnbret nerabe esloveniarrak8c+ gradua sinatu berri du

Etorkizun handiko 16 urteko neskak, Kotecnikeko eskalada eskolan, «Miza za sest» bidea kateatu du. Arrokan gogor estutzeaz gain, lehietan egungo blokeko zein eskaladako munduko txapelduna da.

Beti aipatu izan dugu Esloveniak alpinismoan zein eskaladan izugarrizko harrobia duela. Makina bat adibide jarri izan ditugu, eta gehiago jartzeko parada izango dugu oraindik. Azkena Janja Garnbret da. 16 urte besterik ez ditu, eta kirol eskalada munduan argi erakutsi du bai lehietan bai arrokan maila bikaina duela.

Inork ez du zalantzan jartzen etorkizun oparoa duela eta Maja Vidmar, Natalija Gros, Martina Cufar eta Mina Markovic bezalako eskalatzaile esloveniarren lekukoa hartu duela.

Ikasketek zein rokodromoan egiten dituen entrenamenduek gazte esloveniarrari denbora asko kendu diote arrokan gogor jarduteko. Halere, egitura artifizialetan egiten dituen entrenamenduek sasoi puntu ikaragarria eskaini diote bederen. Eta horrek guztiak bere isla izan du norgehiagoken arloan.

Gogoratu beharra dago aurtengo Eskaladako zein Blokeko Mundu Txapelketak irabazi dituela. Ashima Shiraishi 14 urteko estatubatuarra soilik izan da hori egiteko gai, aurten bertan mutilen mailan. Bide batez, aipatu behar dugu Shiraishik 8b+ zailtasuneko beste bloke bat poltsikoratu berri duela: “Terre de sienne” (Hueco Tanks).

Garnbretek nazioarteko lehietan 15 garaipen baino gehiago erdietsi ditu, eta aurten, lehen aldiz, Munduko Kopan, seniorren mailan, hartu du parte. Hiru proba jokatu ditu: bitan bigarren izan da eta bestean hirugarrena. Sailkapen nagusian zazpigarren sailkatu da.

8c+

Nesken arloan, zailtasun hori oso gutxiren esku dago. Eta gazteak aukera izan du talde selektibo horretan sartzeko, Kotecniken “Miza za sest” bidea kateatu ondoren.

16 urteko nerabeari aitortu behar zaio rokodromoen zein lehien arlotik arrokara egin duen trantsizioa ondo baino hobeto kudeatu duela. Arrokan gutxi eskalatu du, baina eskalada eskoletara irten denean ondo aprobetxatu du. Joan den udan, adibidez, Esloveniako taldearekin Kotecniken bertan izan zen, eta hainbat 8b eta 8c bat (“Illusion”) igo zituen.

Irteera horretan “Miza za sest” bidea probatu zuen. Bi saio egin eta etxera itzuli zen. Baina azaroaren hasieran berriro itzuli zen, eta beste bi ekinaldiren ondoren, gazte esloveniarrak 8c+ zailtasuneko bere lehen marra erdietsi zuen. Eskalatzaile batzuek diote 8c+ izateko ez dela hain gogorra. Berdin da. Kontua da Garnbretek etorkizun oparoa duela.