GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Probintzianismoa pilotan? Ez, eskerrik asko


Urte batzuk dira. Logroñon zen, sanmateotan, eta Fernando Goñi izan zen –haren damurako– protagonista. Zubiriarrarekin, Titin ari zen aurrelari. Neurketa aurrera zihoala, nafarrak aldagelara sartu behar izan zuen pare bat aldiz (oker ez banago): eskuin eskua ubel-ubel eginda zeukan, minduta. Ezinean zebilen. Hori ikusita, kantxara jaitsi zen «pilotazale» mordoxka bat, haserre, oihuka protestan, Goñiri eta parean tokatzen zen orori –etxeko pilotariari izan ezik– kargu hartzen. Zirkua. Espektakulu lotsagarria. Eta partida, bertan behera. «Futbolean-eta ez bezala, halakoak behintzat ez dira eguneroko ogia frontoietan». Hori izan nuen kontsolamendu tristea orduan, telebistaren aurrean.

Pilotak hutsune eta akats asko ditu, egia, baina harro esan dezake ez duela probintzianismo, parrokianismo eta hooliganismo merketik edan. Tira, Errioxan zeozer.

Baina azkenaldian «nire kolore»ka ari den joera bat ikusten ari naiz. 2013ko Binakako Txapelketako zorigaiztoko final hartan sumatu nuen aurrenekoz, podiumera igotzerakoan irabazleek txistu batzuk –gehienen txalo artean, hori bai– entzun zituztenean. «Etxeko» pilotariak min hartu eta txapela janzterik izan ez zuenez... txistu!

Oraintsuko Lau eta Erdikoaren osteko ajeak ekarri digu gaizki ulertutako beste faboritismo erauntsi bat. Potentea. Posterra atzo –txapela herrialde jakin bati eskainiz, ez jarraitzaile guztiei–, ahaldun nagusi jaunaren artikulua gaur –polita, aitortu behar zaio–, jakin ezazu zer bihar... Aizue, niri ez zidaten kirol hau horrela ulertzen, jarraitzen eta maitatzen irakatsi.