11 DIC. 2015 IKUSMIRA Barrukoa eta kanpokoa ikusteko leihoak Maider Iantzi Kazetaria Sartu eta jendea bertzerik ez duzu ikusten. Jendea jendetza bihurtzen doa eta sigi-saga ibiltzen ikasten duzu; haur kotxeak aurreratzen, ilarak gurutzatzen eta norbait aitzinetik pasatzen zaizunean tupustean gelditzen, istripua ekiditeko. Sartu eta pasilloak bertzerik ez dituzu ikusten. Pasilloak kale bihurtzen doaz eta elementuak identifikatzen ikasten duzu; solasaldiak eta kontzertuak non dauden, standak nola banatuta dauden eta momentu lasaiago bat ailegatzen denean zer bisita dezakezun. Berriro sartzen zara eta bat-batean leihoak deskubritzen dituzu. Goi-behe-ezker-eskuin, alde guztietan daude. Eta pentsatzen duzu ateak baino gehiago direla eta nahiago duzula horrela. Ateak zakarragoak dira ireki eta, batez ere, ixtean. Iiiiiiii estridente hori eta errematea: danba! Leihoek, itxita daudenean ere, ikusten uzten dute, bai barrenekoa eta bai kanpokoa. Gainera, zure gustura erakutsi edo estal dezakezu gortina xume batekin, edo gauez pertsiana jaitsita. Bai, ez duzu zalantzarik, maiteago dituzu leihoak. Ondorio horretara iritsi zarenerako egunen nozioa galdua duzu eta, horrekin batera, baita munduan gertatzen ari denarena ere. Ez dakizu noiz, ez dakizu nola. Sartu zara istorioetan, fantasiazkoetan eta errealetan. Sartu zara ametsetan. Sartu dira istorioak zure ametsetan ere. Ametsak ametsetan. Leihoak. Harremanei, paisaiei, ezagutzeari, euskarari eta euskal kulturari. Hamaika leiho ireki zaizkizu bost egunetan. Begira ezazu noizbehinka haietatik, laster urtaro berri bat hastera doa-eta.