11 DIC. 2015 ANTZERKIA Garai bateko maitasun istorioa Jaime VALVERDE Etxean topatutako eskutitz zahar batzuei esker Itziar Eliasek aitona-amonen maitasun istorioaren nondik norakoak ezagutu ahal izan zituen. 80 urte lehenagoko pasadizo horiekin liluratuta eta horiek oinarri hartuta fikziozko istorio bat sortzea deliberatu zuen, Izaskun Arandiarekin batera. Mugalariak laguntza bekaren irabazleetako bat da hasiera batean zinemarako pentsatua zen proiektu hau. Izan ere, zinemaren presentziak blaitzen du sorkuntza osoa: istorioaren zenbait eszena filmatuak izan dira eta proiektore baten bidez tartekatzen dira antzeztutakoekin. Horrez gain, zinemaren kontatzeko moduak dira istorioa jorratzeko erabiltzen direnak. Gertakariak zehaztasun handiarekin erakusten dira, eszena asko sortuta, hala nola beraiei dagozkien trantsizioak. Tonu biziki errealista darabil antzezlanak, Gerra Zibilaren garaiko errealitatea ahalik eta fidelen erakutsi nahian. Pertsonaien trataeran ere nabaria da fideltasun horri eusteko nahia, garai hartako inozentziarekin bizitzen baitute, adibidez, maitaleek beren artekoa. Aktore guztiek lan txukuna egiten dute, zinemaren eremutik datorren Izaskun Arandia zuzendariak ofizioz eta zuzentasunez gidatuta. Orotara, maitasun debekatuaren kontaketa klasikoa osatzen du obrak, edukiaz nahiz formaz, publiko helduagoentzat bereziki gomendagarria izanik.