Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surfa

Pe’ahi Challenge 2015: Mugak gainditu dituen lehiaketa

Pasa den astean orain arte izan den olatu handietako txapelketa esanguratsuenetako bat izan zen Hawaiin. Pe’ahi Challenge probaren ostean gauzak ez dira berriz berdinak izango olatu handien surfari dagokionez, izan ere, marra gorri guztiak gainditu ziren Mauin.

Munduko olatu handien zirkuituko bigarren zatia indartsu hasi da ipar hemisferioan. Urtero bezala, 2015-2016 sasoia hego hemisferioan hasi zen, baina munduaren alde horretan neguko itsaskiak amaitu ziren jada, baita BWWT itzuliko txapelketak egin ahal izateko itxarote denborak ere.

Orain ipar hemisferioaren txanda da. Neguko itsaski indartsuekin itxaronaldi epeak indarrean dira, eta, otsailaren 28ra bitartean itsaski handirik izaten bada, olatu handietako txapelketak egin ahal izango dira.

Momentuz ezin hobeto hasi da ipar hemisferioko sasoia. Jada txapelketa bat egin berri dute Hawaiin eta sekulako arrakasta izan du. Pe’ahi urautsian abenduaren 6an egin zuten munduko txapelketan orain arteko marka guztiak hautsi ziren, eta aurrerantzean ezer ez da lehen bezala izango olatu handietako surfari dagokionez.

Neguko itsaskien zain

2015-2016 sasoiko lehen txapelketa Txilen izan zen, Punta de Lobos urautsiko ezker olatuan; txapela, Makua Rothman hawaiiarrak irabazi zuen. Jarraian, Peruko Pico Alto eta Mexikoko Puerto Escondido urautsietan egitekoak ziren hego hemisferioko beste bi txapelketak, baina ez zen behar bezalako itsaskirik izan.

Puerto Escondido ipar hemisferioan dago, baina, jasotzen dituen itsaski handienak hego hemisferiotik jasotzen dituenez, sasoiko lehendabiziko zatian jarri zuten.

Iraila bitartean luzatu zen bi txapelketok egiteko itxaronaldi epea. Puerto Escondidon olatu handietako munduko txapelketa egitea berrikuntza esanguratsua zen, lehendabiziko aldia baitzen urautsi horretan olatu handien munduko txapelketa bat egingo zena. Aurtengoan behintzat, baina, ez da zorte handirik izan.

Iazko denboraldian soilik bi txapelketa egin ahal izan zituzten. Bata, hego hemisferioan, Perun, eta, bestea, ipar hemisferioan, Euskal Herrian. Lehena, Pico Alto urautsiko eskuin olatuetan egin zuten eta Makua Rothmanek irabazi zuen. Bigarren txapelketa Getxoko Galea muturrean egin zuten iazko abenduan, eta Nic Lamb estatubatuarra nagusitu zen.

Orain ipar hemisferioko txapelketen sasoia da. Jada Mauiko txapelketa amaitu dela kontutan hartuta, hiru dira guztira, hemendik eta otsailaren 28ra bitartean egin daitezkeen txapelketak: Oregon (AEB), Galea muturra (Euskal Herria) eta Todos Santos (Mexiko). Beraz, neguko itsaskien zain dira ipar hemisferioko urautsietan.

Marra gorria gero eta gorago

2013ko otsailean orriotan egin genion elkarrizketa batean argi eta garbi esan zuen Axi Muniain olatu handietako surflariak Pe’ahi urautsiak zer-nolako garrantzia duen gaur egun: «Iraultza bat sortu da, mugak urrundu egin dira, maila teknologikoan ere aurrerapen handiak izan dira, eta oraintxe bertan olatu bat arraunean hartzeko leku handiena, zerbait nabarmena egiteko urautsi nagusia, Jaws da».

Orain pare bat urte oraindik Jaws deitzen zioten Maui uhartean aurkitzen den urautsi famatuari. Azken urteetan, ordea, surflariak Pe’ahi izena erabiltzen hasi dira, bertakoen kultura eta leku izenei errespetu apur bat erakusteko asmotan.

Ez zuen arrazoi faltarik zarauztarrak, izan ere, lehen aldia zen halako txapelketa bat egiten zena eta marka guztiak hautsi ditu. Orain gutxi arte moto bidez bakarrik hartzen zen Pe’ahiko olatu munstroa, arraun eginaz hartzeko ezinezkoa zela baitzioten adituek. Denborak erakutsi du, ordea, olatu oso zaila izan arren, arraun eginda hartzeko aukerak badaudela.

Zentzu horretan txapelketa historikoa izan zela esan daiteke. Batetik, Hawaiiko urautsi honetan mundu mailako txapelketa bat (arraun eginez) egiten zen lehen aldia zelako, eta, bestetik, olatu erraldoiak izan zirelako. Kontuan hartu badirela olatu batzuk arraun eginda hartzeko handiegiak direnak, gizakiak behar adina abiadurarekin olatura sartzeko ahalmenik ez duelako.

Txapelketa honetan, baina, orain arteko muga gainditu egin zen. Lehiakide batzuk, bizia arriskatuz, ezinezko olatuak hartzen saiatu ziren, halakoetan marra gorria non dagoen agerian utziz betiere. Beste lehiakide batzuek, ordea, ezinezkoak ziruditen jaitsierak egin zituzten, horrela limitea apur bat gorago jarriz.

Bada txapelketa honen ostean iragar daitekeen beste aldaketa bat ere. Tow-in edo moto baten laguntzaz olatu handiak hartzeko diziplinak indarra galduko du aurrerantzean. Izan ere, arraun eginda har ezin zitezkeen olatuak hartu ahal izateko sortu zen modalitate hau, baina surflari batzuek arraun eginda ezinezkoak ziruditen olatuak har daitezkeela frogatu dute.

Beraz, aurrerantzean ez du prestigio handirik izango tow-in diziplinak eta norbaitek moto baten laguntzaz olatu bat hartu nahi badu, sekulako olatutzarra izan beharko du, inongo zalantzarik gabe, arraun eginda hartu ezin daitekeen olatu erraldoia.

 

Txapelketa gogoangarria

Billy Kemper hawaiiarrak irabazi zuen pasa den astean Hawaiin amaitu zen olatu handietako txapelketa gogoangarria. BWWT itzuliko lehen txapelketa zen, eta lehen aldia zen Hawaiiko urautsi ospetsu honetan halako txapelketa bat egiten zena.

Ez da batere erraza olatuek zer-nolako altuera zuten esatea –antolatzaileen esanetan hamabost metroko olatuak izan omen ziren–, edonola ere, orain artean izan den olatu handietako arraunkada (arraun eginez hartzen diren olatuak) txapelketa handiena izan zela diote surf adituek. Txapelketa zinez ikusgarria izan zen. Itzelezko olatuak zeuden, handiak, lodiak eta indartsuak, eta lehiakideek zer-nolako abilezia duten erakutsi zuten. Txapelketan erorketa oso arriskutsuak ere izan ziren, baina zorionez ez zen aparteko istripurik izan.

Finalean sei lehiakide izan ziren, horietatik lau hawaiiarrak: Ian Walsh, Albee Layer, Shane Dorian eta Billy Kemper. Beste biak amerikarrak ziren: Greg Long estatubatuarra eta Peruko Gabriel Villaran. Gehienek olatu bakar bat hartu zuten finalak iraun zuen bitartean.

Txapelketa sekulako bi olatu hartu zituen Billy Kemperrek irabazi zuen. Albee Capak tubo erraldoi bat egin eta bigarren postua eskuratu zuen. Hirugarren postuan geratu zen Greg Long estatubatuarrak olatu bakarra hartu zuen, baina pozik zegoen, izan ere, bere esanetan, finalaurrekoetan hartu zuen olatua inoiz hartutako ederrena izan omen zen. Laugarren, bosgarren eta seigarren postuak, Ian Walsh, Gabriel Villaran eta Shane Dorianentzat izan ziren.

Honela mintzatu zen Kemper bere anaiari eskaini zion garaikurra jaso zuenean: «Egia bilakatutako ametsa izan da. Momentu hau mila bider izan dut hizpide lagunekin azken urteetan, eta orain etxetik metro gutxira munduko txapelketa bat egiten da. Niretzat sekulakoa da arraun eginez halako olatuak hartzea. Gaindiezina da».

Natxo Gonzalez

Txapelketa historiko honetan parte hartu zuten 36 lehiakideen artean bazen euskal herritar bat ere, Natxo Gonzalez bizkaitar gaztea hain zuzen. Oso gutxi dira halako txapelketa batean parte har dezaketen surflariak, soilik gonbidapen bidez parte har daiteke, edo, Natxoren kasuan bezala, aurrez lortutako emaitza onei esker lor daiteke parte hartzaileen artean izatea.

Oraindik 20 urte baino ez dituen Plentziako semea hizki larriz idazten ari da bere izena olatu handien munduan. Izan ere, ez dira asko izango Pe’ahi urautsian surf egin duten europarrak, eta, ziur aski, leku horretan surf egin duen euskaldun bakarra izango da Natxo.

Bizkaitarrak ez zuen lehen erronda pasatzea lortu, baina bikain aritu zen. Arraun eginda hartzeko olatu oso zaila da Pe’ahi, gure kostaldeko olatuen antzik ez duena; hortaz, zailtasun handiak izan zituen Natxok, baina beldurrik gabe aritu zen, ausardia handiz eta aurrera begira zer erakutsia baduela frogatu zuen.