05 ENE. 2016 IKUSMIRA Abertzaleontzat, besterik gabe ez da «sin Mas» bat Mikel Zubimendi Kazetaria Pena handia eman dit Kataluniako prozesuarenak. Gainbehera kezkagarrian zebilen azken garaietan, denbora hilak gehiegi luzatuz, baina azken emaitza, hondamendi politikoa iruditzen zait. A ze ostia! Bartzelonako Diagonalean, begiak bustita, hil baino lehen Katalunia lliure bat ikusteko esperantza zuela zioen adineko harekin akordatu naiz, autojustifikatu gabe eta baimena eskatzeke munduan suelto eta kataluniar errepublikako herritar ibiliko zela uste zuen abertzalearekin. Nola egongo da gaur? Minduta, galduta, dena pikutara botatzeko gogoz? Sarritan idatzi dut «euskalCUP» baten bokazioa ez dugula inoiz gurea izan. Hemen demagogia gehiegitxo egon dela goreste interesatu batzuen arrastoan. Tira. Hobe dugu, hala ere, isilik eta autozentsuratuta ez, baina bai bake-bakean uztea Kataluniakoa. Eta guk gure demontreei fundamentuz oratzea. Hori bai, Monzonen Maltzaga gogoan, independentzia helburu, ez gaitezen txoratu eta bidean euskal burgesia behar dugula ahaztu. Minkideak maisuki dioen bezala, «gu geu umiliatu gabe, umil-umil aitortuta, behar zaituztegu!». Masen inguruan gorrotoa metatzeko operazio zital bat egon da. Burgesa dela, ustela, hilotz politikoa… Baina, desobedientziagatik jopuntuan denean, hainbat sumario irekita, kartzelatzeko arriskuan… aberkidea saltzea? Autonomiatik independentziarako gizartearen jauzi tektonikoa enkarnatu duenaren burua zilarrezko bandejan espainiarrei ematea? Hori ez, hori sekula ez. Hori ez da besterik gabe bat, hori ez da «sin Mas» bat. Hori serioa da, serioegia.