GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Ihes egin, ametsetan bada ere


Denbora. Edozeren gainetik preziatzen dugun elementu hori; beti atzetik harrapaka eta inoiz eskuratzen ez dugun hori. Etenik gabe, astirik eman gabe, aurreraka doan hori; amildegira, ezerezera, infinitura, besterik gabe.

Pentsa dezakegu gatibu den horrek bere eskura duela munduko denbora guztia, nahi duenean nahi duena egiteko aukeren jabe dela. Libre dela, espazio mugatu batean izanagatik, bere premia guztiak asetzeko, nola intelektualak hala fisikoak ere. Denbora, ordea, bi ahoko arma da: zeure egin dezakegu edo bere besoetara eror zintezke, harik eta irentsiko zaituen arte.

Etengabeko borroka horretan bizi da presoa, denbora ez baita gelditzen, denbora aurrean aurkitzen duen guztia irensteko gai baita. Beraz, denborari aurre egitea baino ez zaio geratzen gatibu den horri. Baina, nola lortu norberaren denboraren gaineko erabaki ahalmena? Sormenaz baliatu daiteke presoa horretarako, burua astintzeaz. Denbora gelditu lezake une batez, haren gaineko kontrola hartu, bere behar intelektual eta fisikoak asetzeko.

Sormenak, gainera, bestelako dimentsio batzuetara eraman lezake presoa, imajinazioak ez baitu mugarik, nork bere buruari jartzen dizkionak izan ezik. Hitzek, irudiek, soinuek... lau pareta artetik ihes egiten lagundu dezakete, une batez bada ere. Ihes ametsetan, begiak itxita edo irekita, baina ihes. Ehunka izango dira bihar ariketa hori egingo duten euskal presoak; begiak itxi eta Bilbon edo Baionan irudikatuko dute euren burua, jendetzaren artean, elkartasunaz gozatzen. Euren artean izango naiz ni ere.