18 ENE. 2016 KIROL ESKALADA Angelika Rainer italiarraM14 zailtasunean sartu da«Mustang» lortuta Eskalatzaileak Coloradoko Vaileko paretetan Will Mayok zabaldutako muturreko marra hori kateatzeko bi egun behar izan zituen. Horretaz gain, «Reverse stratofortress» (M12+) flash eran egiteko gai izan zen. Andoni ARABAOLAZA Angelika Rainer aski ezaguna dugu kirol eskaladan, izotz eskaladan zein kirol-mistoan. Bada, azken espezialitate horretan goi mailako jarduera bat sinatu berri du: “The Mustang” (M14-). Horretarako eskalatzaile italiarrak Amerikako Estatu Batuetako Coloradora bidaiatu zuen; hain zuzen ere, Vailen dagoen Amphitheatre izeneko paretetara. Ingurune hori, berez, oso erakargarria da kirol-mistoko muturreko marrak gustuko dituzten eskalatzaileentzat. Hori bai, lerrootako protagonistak onartu duenez, han sortutako bideen inguruan nahasmen handi samarra dago: «Zaila da jakitea zein den bide originala; izan ere, horien artean makina bat aldaera dago. Marra bat non hasten den eta non bukatzen den ez dago batere argi; aldaera batzuk soilik sormen lanaren azken metroetan bat egiten baitute. “The Mustang”-i ere hori gertatzen zaio. Will Mayok zabaldutako muturreko proposamen horren ibilbide laburrena egin nuen, baina, era berean, zailena. Ni bederen pozarren nago marra originala eskalatu dudalako». Bide batez, italiarrak adierazi du Vailera joan zela, Europan ez bezala, han baldintza egokiak zirelako: «Izotz eskaladako Munduko Kopan murgilduta nago, eta iazko garaipena errepikatu nahi dut. Uste dut Vailen hartutako sasoiak lagunduko nauela». Marra ederra Aipatutako jarduera bikaina egin baino lehenago, Rainerrek goi mailako beste bat poltsikoratzeko aukera izan zuen. Hilaren 6an “Reverse stratofortress” (M12+) kateatu zuen; hori bai, flash eran: «Kobazulo horretan bakarrik hiru egun neraman, eta flash eran inoiz egin dudan bide gogorrena izan da». Ondoren, bidaiaren xede nagusiari ekin zion: “The Mustang”-i. Marra horren lehen bospasei metroak (arrokan) oso tenteak dira, eta ondoren beste 20 metro eskalatu behar dira. Jarraian, eskuinera dagoen izotzezko (90°) sekzio bat du, 20 metroko sabai bati lotzen zaiona, eta amaitzeko beste lauzpabost metro arrokan berriro ere izotza harrapatzeko. Eskalatzaileak adierazi du, muturreko marra hori sinatzeak ez duela ezustean harrapatu: «Vailera sasoiko iritsi nintzen, eta “Reverse stratofortress” flash eran egin ondoren, argi neukan “The Mustang” egiteko gai izango nintzela». Aipatu beharra dago, Sarah Hueniken eta Lucie Hrozovaren atzetik, Rainer M14 graduan sartu den hirugarren emakumezkoa dela. «THE MUSTANG» Angela Rainer italiarrak Vaileko M14 zailtasuneko marra hori egin berri du; kirol eskalada mistoan inoiz egin duen gogorrena izan da.