18 ENE. 2016 KIROL ESKALADA Gero eta gehiago dira9b zailtasunaren ateakzabaltzen dituztenak Margalefeko «First round, first minute» bidearekin, Alex Megos alemana 9b graduan sartu da. Jakob Schubert austriarrak, berriz, zailtasun horretako bigarren marra sinatu du: «La planta de Shiva». Andoni ARABAOLAZA Kirol eskaladako muturreko zailtasunak gero eta berri gehiago jasotzen ditu. Irakurleak jakingo duenez, orain arte egin den biderik gogorrena 9b+ da, eta, jakina, horren sinadura Adam Ondrarena da. Ohiz kanpokoa da, bai, baina azken pare bat urteotan argi geratzen ari da koska bat beherago dagoen graduan gero eta eskalatzaile gehiago batzen ari direla. 9b zailtasunari buruz ari gara, eta, oraindik talde “itxia” bada ere, pixkaka-pixkaka ateak zabaltzen ari da. Iazko urtearen amaieran zein berriaren hasieran nazioarteko hainbat espezialistak Katalunian eta Andaluzian jo eta su jardun dute. Eta lortu dituzten emaitzak oso adierazgarriak dira. Alex Megosek, adibidez, bere lehenbiziko 9b graduko bidea egin du: “First round, first minute”. Jakob Schubertek, berriz, bere bigarren 9b-a sinatu du: “La planta de Shiva”. Lehenak, Margalefen; bigarrenak, aldiz, Villanueva del Rosarion. Bada, alemana eta austriarra Katalunian eta Andaluzian eskalatzen izan dira pasatu berri ditugun Gabonetako oporretan. Azken urteotan oso ohikoak bihurtu dira nazioarteko espezialista indartsuenen bisita horiek; izan ere, aipatu ditugun kirol eskaladako eskola horietan baldintzak oso onak dira. Hala, kateatze bikain hauei buruzko kronika Megosekin hasiko dugu. Gazte alemanari egungo erreferente nagusietarikoa dela aitortu behar zaio. Soilik gogoratu behar dugu 2013. urtean (19 urte zituen) Siuranako “Estado critico”-rekin bistan egiten zen munduko lehen 9a sinatu zuela. Eta handik egun batzuetara, “La Rambla” (9a+) soilik bi saiotan kateatu zuen. Ondoren, makina bat bide gogor egin ditu; ia gehienak oso ekinaldi gutxitan. Eta bukatu berri den 2015. urtea ere azpimarratzekoa dela baiezta daiteke. Hori hemen diogu eta Megosek berak aitortu du: «Iazko nire lehen jardun gogorrena ‘Lucid Dreaming’ blokea (8c) izan zen. ‘Supernova’-rekin 9a+/b gradura iritsi nintzen. Eta abenduaren 31n, nire lehen 9ba poltsikoratu nuen: ‘First round, first minute’». Margalefeko azken bide horren lehena 2011. urtean egin zien Chris Sharmak. Bigarrena hiru urte beranduago iritsi zen Ondraren eskutik. Eta, beraz, Megosena bigarren errepikapena izan da. Baten batek esan dezake alemanari kosta egin zaiola 9b gradura iristea, batez ere kontuan hartzen badugu duela ia hiru urte “Estado critico” (9a) bistan egin zuela. Baina Megosek, beste espezialista batzuek ez bezala, ez du denbora asko pasatzen bide batean, bere benetako helburua ahalik eta saio gutxitan eta bistan eskalatzea baita. “First round, first minutu” bideari buruz, gazteak aipatu du Margalefera azaroan eginiko bisitan probatu zuela: «Hamabost egun jarraian neraman eskalatzen, eta uste dut nire erabakia ez zela batere zentzuzkoa izan. Bigarren egunean hiru saio egin nituen, eta azken pauso gogorrenean bitan erori nintzen. Biharamunean, beste bost ekinaldi egin nituen eta horiek bukatuta etxera itzuli nintzen. Abenduaren 30ean, Margalefen nengoen berriro eta pixka bat probatu nuen. Eta urtearen azken egunean lau saio egin eta gero, nire lehenbiziko 9b-a patrikara sartu nuen». Gogora dezagun, “First round, first minute”-k Margalefeko muturreko bideen izaera duela: bide motza, sarrera gogorra, blokeko mugimenduak, hatz bat zein biko heldulekuak... Megosek adierazi du gogor borrokatu behar izan zuela: «Bidea 12 metro luze da, eta, berez oso gogorra ez bada ere, kateatzen ari zaren unean benetan asko kostatzen da. Marraren giltza goialdean dago, blokeko mugimendu gogorra da». Bere filosofia indarrean jarrita, Megosek azaldu du bide horretan ez zuela denbora asko eman nahi: «Azaroan egon nintzenean, berez, ez nion bide horri buru-belarri ekin; noizbehinka ematen nion. Baina argi izan nuenean egiteko gai nintzela, jo eta su jardun nuen. Guztira, bost egun ezberdinetan probatu nuen. Hori bai, lehen aldiz saiatu nintzenean oso gogorra izan zen eta ez nintzela kateatzeko gai izango iruditu zitzaidan. Baina bigarren egunean azken mugimendu gogorrenean erortzen hasi nintzen. Orduan, bai, argi neukan kateatzeko aukera handiak izango nituela. Bestalde, esan behar dut bide horretarako entrenamendu berezirik ez nuela egin; oso sasoiko nengoen». “First round, first minute” egitea gutxi izango balitz, alemanak azaroan zein abenduan Margalefera eginiko bisitetan makina bat goi mailako bide kateatu zituen: “Demencia senil” (9a+, bi saio), “First ley” (9a+, lehen saioan), “Victimes del futur” (9a, bi saio), “Victimas del passat” (8c+, bistan)... Bigarrena Schubert, berriz, ez da 9b graduan hasiberri bat. 2014. urteko abenduan, austriarrak “Fight or flight” bidea (Oliana) egin zuen. Urtebete igaro ondoren, urtarrilaren 9an, “La planta de Shiva” sinatu zuen. Gogora dezagun marra hori Villanueva del Rosarion dagoela, hots, sona handia izan duen (eta duen) “Chilam Balam” dagoen sektore berean. Eta gogoratu behar dugu ere, “La planta de Shiva”-ren lehena Ondrarena izan zela; Schubertena, berriz, bigarrena. Gabonetarako austriarra Andaluzian zegoen, eta, beraz, bi aste eta erdi behar izan ditu 9b graduko bere bigarren bidea poltsikoratzeko. Aurretik, jakina, lan eskerga zuen; izan ere, “Chilam Balam”-ek bezala, “La planta de Shiva”-k kolore guztietako mugimenduak ditu. Lehen 20 metroak (8c) indar-erresistentziakoak dira. Hurrengo 20 metroak ere ez dira batere errazak; izan ere, eraginkortasuna eta abiadura eskatzen dute. Eta bidearen giltza marraren bigarren zatiaren erdian aurkitzen da. “La planta de Shiva” kateatu ondoren, austriarrak aitortu du inoiz igo duen bide gogorrena izan dela: «Prozesua ez da batere erraza izan. Lehen astean borroka handia egin nuen; oso-oso intentsoa izan zen. Eta onartu behar dut zailegia iruditu zitzaidala. Gainera, bi helduleku puskatu nituen, eta horren ondorioz, beste bide batzuk probatzea erabaki nuen. Beste era batean esateko, parentesi txiki bat egin nuen. Han bertan dauden marra batzuk eskalatzeko aprobetxatu nuen; metro piloa egin nuen. Horrek guztiak hango eskalada estiloa indartzen eta egokitzen lagundu zidan. Urtearen hasierarekin batera, “La planta de Shivara” itzuli nintzen, eta Errege eguna baino lehen oso ondo zehaztuta nuen. Azkenean, hilaren 9an egin nuen. Kateatze epikoa izan zen; azken-aurreko mugimenduan ia erori nintzen; gogor borrokatu behar izan nuen azken heldulekua hartzeko! Baina iritsi nintzen, eta pozarren nago; izan ere, orain arteko nire bide gogorrena da». ERAGINKORTASUNA Megosek «First round, first minute» sinatzeko bost egunetako saioak behar izan zituen. Horretaz gain, Margalefeko 9a+ eta 9a graduko hainbat bide oso azkar igo zituen. ZAILENA Schubert «La planta de Shiva» kateatzeko bi aste eta erdiko prozesuan murgildu zen. Haren ustetan, inoiz egin duen bide gogorrena izan da. JAKOB SCHUBERT Villanueva del Rosarion «La planta de Shiva» (9b) eskuratu du austriarrak. Dagoeneko, zailtasun horretako bi marra ditu. ALEX MEGOS Eskalatzaile alemanak Margalefeko «First round, first minute» bidea (9b) kateatu du. Gradu horretako bere lehen marra izan da.