18 ENE. 2016 ALPINISMOA Panfilovski Division mendianlehen bi igoerak sinatu dituzte Apenas ezaguna den Kirgizistaneko mendi horretan, besteak beste, estatubatuarrek eta esloveniarrek jardun dute. Benjamin Erdmann eta Samuel Johnsonek ekialdeko tontorra igo dute. Miha Hauptman eta Uros Stanonik-ek, berriz, gailur nagusia zapaldu dute. Andoni ARABAOLAZA Kirgizistango Panfilovski Division mendia (5.250 m) Kokshaal-Too izeneko mendigunean dago; hain zuzen ere, Kirgizistanen eta Txinaren arteko mugan. Berez, ez da ingurumari horretako mendirik ezagunena eta alpinisten xederik erakargarriena. Izan ere, haren alboan Kyzyl Asker (5.842 m) dago, eta, nolabait esateko, mendi horrek itzal egiten dio. Hurrengo protagonistek ere Kyzyl Asker izan dute helburu, baina eguraldiaren zein mendiaren baldintzek beste aukera batzuetan murgiltzera behartu zituzten. Eta horietako bat Panfilovski Division mendia izan da. Han, besteak beste, estatubatuarrek eta esloveniarrek jardun dute. Lehenbizikoei dagokienez, Benjamin Erdmann eta Samuel Johnson izan dira mendiaren ekialdeko aurpegian jardun dutenak; hori bai, gailur nagusia igo ordez, ekialdekoa eskalatu zuten. Eta pareta horretan 600 metroko bide tekniko bat zabaldu dute: “Flight of the Zephyr” (AI4 R, M7). Johsonek bigarren aldia zuen mendigune horretan. Duela lau urte Kyzyl Asker mendian saio bat egin zuen, baina, 5.300 metroko garaierara zela, ekaitzagatik eta elur-oldeengatik, eskalatutako bidea rapelatu behar izan zuen; gauez eginiko jaitsiera beldurgarria izan omen zen. Mendi horrekin amets egiten zuenez, berriro itzuli da. Komorova glaziarrera iritsi bezain pronto, bi alpinistok eskalatu nahi zuten 1.300 metroko hormatzarrari ekiteko pronto ziren. Baina, aurreko bidaian bezala, ekaitz asko izan zituzten. Eta, gainera, igo nahi zuten couloir-ean elur-oldeak ziren. Johnsonek adierazi du, egoera hori ikusita, helburuz aldatzea erabaki zutela: «Kyzyl Asker mendian zer edo zer egiteko leiho luze bat behar genuen. Baina iragarpen guztiek zioten ez zela iritsiko. Labur bat, ordea, iragarri zuten, eta di-da batean Panfilovski Division mendiaren ekialdeko aurpegira abiatu ginen». Eskalada eguraldi makurrarekin hasi zuten. Dendatik goizeko 4:30ean atera ziren, elur ekaitz baten zurrunbiloaren erdian: «Geure baitan bagenekien harroputz jokatu genuela eguraldi gaizto horrekin abiatuta. Baina, tira, saiatu beharra genuen. Errimaia zeharkatzen ari ginela, eguraldia baretu zen, eta bidearen lehen zatian oso azkar joan ginen. Paretaren erditik gora dagoen eremuan mistoko eskalada ugari aurkitu genuen. Hamabi luze eskalatu ondoren, gailurrera iritsi ginen. Igo genuen bidea ez da oso luzea, baina teknikoki luze gogorrak ditu. Joan-etorri osoa 14 ordukoa izan zen». Protagonistok adierazi dute ziur asko mendiaren ekialdeko tontorraren lehen igoera sinatu dutela. Gailur nagusia Panfilovski Division mendiko bigarren protagonistak Miha Hauptman eta Uros Stanonik esloveniarrak dira. Sokada honek, berriz, aukera izan du gailur nagusia garaitzeko, eta, aurrekoek bezala, badirudi tontor horren lehen igoera izan dela. Esloveniarrek ere Kyzyl Asker mendiaren atzetik jardun zuten, baina hauek ere Panfilovski Division mendiarekin eta beste gailur txikiagoekin konformatu behar izan dute. Gailur nagusiaren lehen igoera poltsikoratu ahal izateko, alpinistok mendiaren ipar-mendebaldeko aurpegian “White Walker” bidea (V/AI5, M6, 900 m) sortu zuten. Marra horren inguruan, eguraldia lagun izan zutela aditzera eman dute: «Leiho txiki batek lagunduta, lehen urratsak egin genituen. Oro har, elurraren eta izotzaren baldintzak bikainak izan ziren. Luze horietan gozatu ederra hartu genuen. Mistokoek, aldiz, gogor borrokatzera behar gintuzten. Ilunabarra heldu baino ordubete lehenago zapaldu genuen tontorra. Jaitsiera, berriz, oso gogorra izan zen, besteak beste, galdu egin ginelako».