Haritz LARRAÑAGA
Surfa

2015-2016 Kantauri Surf Liga: Getxo nagusi oraingoz

Kantauri Surf Liga abian da eta jada lau saio jokatu dira, azkenekoa pasa den asteburuan. Sopelako Barinatxe hondartzan Getxoko Surf Taldea nagusitu da eta rankingaren buruan da. Mendexako Karraspio hondartzan, berriz, Zarauzko Surf Elkartea gailendu da.

Kantauri Surf Liga Euskal Herri osoko surflariak taldeka bildu eta elkarren aurka aritzeko sortu zen orain dela bost urte, eta, bide batez, baita bestelako eredu berritzaile bat martxan jartzeko ere.

Adin, sexu eta jatorri desberdineko surflari askok egin du bat lehiaketa modu honekin, izan ere, talde giroan ondo pasatu, surf maila hobetu, eta beste herrietako surflariekin harremanak sendotzeko bitarteko interesgarria da.

2011ko udazkenean abiatu zen taldekako txapelketa ereduak indarrean jarraitzen du egun eta aurten ere abian da 2015-2016 Kantauri Surf Liga. Urteotan zenbait aldaketa eman dira, baina espirituak berbera izaten jarraitzen du; talde giroan kirola egin eta ondo pasatzea, alegia.

Eredu berritzailea izanik, ez da batere erraza izan Kantauri Surf Ligak bere hastapenetatik izandako ibilbidea. Lehenengo urtean Euskal Surf Liga antolatu zuen erakundea, esaterako, kirol eta kirolari anitz biltzen dituen antolakunde bat izan zen, beraz, lehen bultzada ez zen surf elkarte edo erakunde batetik sortu: ardura nagusia bere gain hartu zuena Euskal Herria Kirola erakundea izan zen.

Ereduak lehiatzeko eta surfa garatzeko modu egokia eskaintzen zuela ikusita, nolabaiteko oniritzia jaso zuen surflarien artean, eta, hala, azken urteetan Euskal Herriko Surf Federazioak hartu du Kantauri Surf Liga antolatzeko ardura nagusia. Kontuan hartzekoa da, gainera, taldekako lehia izanda surflari ugarik hartzen dutela parte txapelketan.

Bost urteko ibilbidea

Lehen bi urteetan Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko taldeak izan ziren beraien artean lehian aritu zirenak. Hala, euskal kostaldeko hiru herrialdeetan egin ziren txapelketak. Aipagarria izan zen, esaterako, Lapurdiko Lafitenia eskuin olatuan egin zen txapelketa, izan ere, halako kalitatea duen urautsi batean lehiatu ahal izatea edozein surflarirentzako luxua da.

Finalak Zarauzko hondartzan egin ziren 2011n eta 2012an. Bi kasuetan, gainera, itsasoko baldintzak oso onak izan ziren eta bi itzuliak Getariako Lonjan taldeak irabazi zituen. Hortik aurrera, itsasoko baldintzak aldakorrak izan arren, giro onak bere horretan jarraitu du, baina izan da aldaketarik ere.

Lehen aldaketa txapelketa garaiari dagokiona izan zen, denboraldia negu sasoira egokitu baitzen, eta beraz, ordutik bi urte barnebiltzen ditu urteroko itzuliak. Izan ere, parte hartzaile gehienak surflari gazteak direla kontuan izanda, ikasturteko egutegia oinarri hartuta antolatzen da Kantauri Surf Liga, negu sasoian eginez. Bestalde, 2013. urteaz geroztik Euskal Herriko Surf Federazioa arduratzen da Liga antolatzeaz.

2013-2014ko denboraldian Debako Zurrunbilo elkartea nagusitu zen Santiago hondartzan egin zen finalean. Gainera, sekulako giroan egindako bazkari eder batekin eman zitzaion amaiera sasoiari. 2014-2015 denboraldian, berriz, orain artean izan den parte hartze handiena izan zen, guztira zortzi taldek hartu baitzuten parte taldekako lehian: ehun parte hartzaile baino gehiago orotara. Zarauzko Pukas taldea nagusitu zen.

Aurtengo itzulian parte hartzeko izena emateko epea pasa den abenduan amaitu zen eta urtarrilean bertan abiatu da zirkuitua. Guztira, Bizkaia eta Gipuzkoako sei talde ari dira lehian: Donostiako Zurriola Surf Eskola eta Patris Surf Elkartea, Zarauzko Surf Elkartea, Debako Zurrunbilo Surf Elkartea, Getxo Surf Taldea eta Artzabal Ogoñope Surf Team (Lea-Artibai eskualdeko surflariak biltzen dituen taldea).

Getxo buru

Pasa den asteburuan laugarren saioa egin berri dute Bizkaiko bi hondartza desberdinetan. Batetik, Mendexako Karraspio hondartzan Zarauzko Surf Elkarteko kideak eta Artzabal Ogoñope Surf Team taldeko kideak aritu ziren lehian.

Mikel Leturia, Mikel Abasolo, Nestor Arrasate, Paul Goitia eta Ander Maneiros ziren etxeko taldea osatzen zuten lehiakideak. Aurkariak, berriz, Txomin eta Mikel Lizarraga, Markel Miranda, Julen Susperregi eta Asier Iriondo zarauztarrak. Azken horiek irabazi zuten, alegia, kanpoko taldea nagusitu zen Karraspion. Bestalde, Sopelako Barinatxe hondartzan Debako Zurrunbilo Ur Kirol Elkarteko kideak Getxo Surf Taldeko kideen kontra aritu ziren lehian. Debako taldea Kevin Garcia, Shane Curley, Julen Bollain, Ibai Arritokietak eta German Gomez surflariek osatu zuten. Getxoko ordezkaritza, ostera, honako surflari hauek osatu zuten: Miguel Cabada, Iure Urkidi, Sergio Mandaubo, Jona Alonso eta Lander Arakistain.

Barinatxen, Getxoko taldea nagusitu zen, alegia, etxeko taldea gailendu zen, eta horri esker egun ranking orokorreko lehendabiziko postuan dira bizkaitarrak. Bigaren postuan, berriz, oso puntu gutxiko aldearekin, zarauztarrak aurkitzen dira uneotan. Hirugarren postuan Debakoak daude, eta Artzabal Ogoñope taldea laugarren postuan aurkitzen da.

Bosgarren eta seigarren postuetan Donostiako Patris Surf Elkartea eta Zurriola Surf Eskola aurkitzen dira hurrenez hurren. Hori bai, kontuan hartu behar da azken bi taldeok orain artean saio bat gutxiago egin dutela atseden hartzea zegokielako.

Guztira hamabi saioa izango dira aurtengo denboraldian eta jada lau saio egin dira. Azken txandak apirilaren 24an egingo dira Donostiako Zurriola hondartzan. Kantauri Surf Liga gertutik jarraitu nahi duenak Gipuzkoako Surf Federazioak duen web orriaren bitartez egin dezake: www.gipuzkoakosurffederazioa.com.