08 FEB. 2016 ANDINISMOA Oriol Barok bost bide berri zabaldu ditu Txileko Andeetan Alpinista katalanak oso estilo onean eta azkarrean bost igoera berri egin ditu. Azpimarratzekoa da Andres Zegers txiletarrarekinCerro Yeguas Heladasen (4.771 m), egun bateko jardueran, «Yeguas salvajes» (MD, 1.100 m) marra zuzena eta dotorea sortu duela. Andoni ARABAOLAZA Urtero bezala, Oriol Barok Andeetako mendiak bisitatu ditu. Lasai asko esan genezake alpinista katalanak Hego Amerikako mendilerro ezberdinetan urtero-urtero egonaldiak egiten dituela. Horren ondorioz, eskarmentu zein ezagutza ederra hartu ditu Patagoniako, Txileko eta Peruko mendietan. Gainera, hein batean bederen, Barok igotzen dituen mendietako batzuk ohiko zirkuituetatik kanpo izaten dira. Eta iazko azaroan eta abenduan egin zuen hilabeteko bidaian aipatutakoa beste behin bete da. Txileko Andeetan izan zen, eta egonaldi horretan aukera izan zuen bost bide berri zabaltzeko; guztiak ala guztiak estilo arinean eta azkarrean. Lehenbiziko jarduera azpimarragarria Andres Zegers txiletarrarekin egin zuen. Azaroaren 6an, alpinistok Cerro Yeguas Heladasen (4.771 m) “Yeguas salvajes” marra sortu zuten. Barok aurreratu duenez, egun bateko jarduera izan zen: «Kanpaleku nagusitik (3.050 m) irten eta itzultzea hogei orduko jarduera izan zen. Zabaldu dugun bidea MD zailtasunekoa eta 1.100 metrokoa da. Zuzena eta dotorea. Kanpalekutik goizeko ordu batak puntuan irten ginen; hasieran sokarik gabe, eta, egunsentiarekin batera, soka bizkar-zakutik atera eta lotu ginen. Hamabi luze eskalatu ondoren, 16:30ean gailurra egin genuen. Jaitsiera, berriz, hego ertzetik eta kanal handi batetik egin genuen». Eskaladaren ezaugarriei dagokionez, bestalde, Barok dio mistoa nagusi dela: «Hasteko elur aldatsei aurre egin genien; hauek elur gogorra zuten. Arrokazko sekzio batzuk mistoan eskalatu genituen; gehienez, M5. Horrez gain, zati arriskutsu batzuetan adi egon ginen; batez ere, erlaitzetan elurra ezegonkor zegoelako. Jaitsieran hotzak eta haizeteek ondo astindu gintuzten». Beste lau Lehen jarduera egin eta astebetera, sokada bera Gemelo mendiaren ekialdeko tontorrera (5.117 m) abiatu zen, eta mendiaren mendebaldeko aurpegian “Turbera” bidea zabaldu zuen. Eskalada horretan, Barok eta Zegersek 1.100 metroko ibilbidea gainditu behar izan zuten. Zailtasun orokorra, berriz, MD- izan zen. Aurreko jardueran bezala, protagonistok arin ibili ziren: «Kanpalekua 3.350 metrora altxatu genuen. Joan-etorri horretarako hamahiru ordu behar izan genituen. Marrak zati ezberdinak ditu. Bidearen erdiko sekzioa zaila da. WI4+ zailtasuneko 90 metroko tarte bat ere gainditu genuen, baita zailtasun bereko beste pare bat luze ere, arroka txarrean gainera». Hirugarren jarduerarako sokadari Aike Parvez batu zitzaion. Azaroaren 22an, Cerro Moradoko hegoaldeko tontorrean (4.490 m) “Fina y sucia” marra sortu zuten. Eskalatutako bidea, berez, 750 metro luze da, baina, protagonistek aurreratu dutenez, horietako 400 metro “Vazquez-Tangul” marrarenak dira. “Fina y sucia” bideak zailtasun tekniko garrantzitsuak ditu: ED, VI/WI5, M4+, 6a. Joan-etorri osoa 11 ordukoa izan zen. Bederatzi egunera, katalanak Zegers, Xavi Farre eta Sebas Rojasekin Cerro Yaguas Muertaseko (4.912 m) hegoaldeko aurpegian “Wenatti” bidea (1.150 m, MD-) sortu zuen. Laukoteak proposamen berriarentzat zortzi ordu eta erdiko jarduera (igo eta jaitsi) behar izan zuen: «Bidea nahiko klasikoa da. Elurrezko aldatsak nagusi dira, baina mistoko hainbat tarte eta izotz zati eder batzuk eskalatu behar dira». Abenduaren 3an, azkenik, Barok eta Farrek Cerro San Franciscoko (4.307 m) hego-ekialdeko aurpegian “Antiparkes” bidea (D+, 1.000 m) zabaldu zuten: «Hainbat sekziotan bidea ez da agerikoa. Zeharkaldi luzeak egin genituen, murruen zati ahuletara eraman gintuztenak. 11 orduko joan-etorria izan zen».