Kuraia, esperientzia eta umorea pertsonifikatuta
Ohore bat izan da niretzat Angela Davis estatubatuarrarekin eta Martina Anderson eta Paul Kavanagh irlandarrekin ikasteko aukera izatea. Kuraia, esperientzia eta umorea pertsonifikatuta ikusi ditut, imajinatzen ez nituen txupinazo intelektualak, dogma eta totem guztiak hankaz gora, eta iraultzaile izateaz lezioak oroigarri. Hau poza!
Ikasi dut iraultzaileak ez diola perfekzioari itxaron behar, orain ekin behar diola. Ez dela ideia edo estrategia perfekturik existitzen, eta, hain zuzen horregatik, gure buruetan libreki eraldatu eta aldatu daitezkeela. Mundu errealean etsaia nahiko badagoela, gure buruan dauden mamuekin borrokan hasteko. Gauzek zailago diruditela gehiegi pentsatzen badituzu, eta zepo horretatik eskapatu eta zure misioan, funtsezko funtsean, kontzentratu behar duzula.
Jakingura gorde behar dela beti, zeure buruari ikuskera irekitzen irakatsiz, hezten hazteari inoiz ez utziz. Nor bere ekintzez osoki arduratu behar dela, aitzakiak bilatu gabe. Arindu gauzen transzendentzia, den-dena serioegi hartzeke, moldagarria izan, umorea zaindu, irria ezpainetan beti.
Osasuna zaindu behar dela, ariketa egin, zentzuz jan, atenditu zaletasunak eta natural bizi. Zure gogoa eta gorputza zenbat eta gehiago sendotu, orduan eta urrutirago eramango dituzulako zure mugak. Jende egokiaz inguratu eta beti-beti kontuan hartu multzoa, taldea, parteen batuketa baino handiagoa dela.
Askapenerako borroka bidaia luze eta ederra da, non nork bere burua esploratzen duen eta bi akats soilik egin daitezkeen: bidaia ez hastea eta amaieraraino ez iristea.