Ama, zerbait asmatuko dugu
Dei baten esperoan zaude. Ez da iristen, noiztik da zure bizia atzera kontu bat bihurtu zela?» 392 atzera kontu zeuden GARAk asteazkenean argitaratutako posterrean, oraindik 392 atzera kontu krudel ziegetako paretetan. Eta beste ehunka deserrian marraztuta. «Haien berri onak gure berri txarrak direlako». Eta alderantziz. Asteartean atzera kontu horri hiru zenbaki kendu genizkion. Aspaldian masa suberanistak Euskal Herrian izan duen gorakada moral garrantzitsuenetako bat. Eta atzo bat batu behar izan genuen, beste bi izenekin zerrenda puzteko mehatxuarekin. «Tristea da dena ospatu behar hau, oraindik dena lortzeke badago».
Eta pausoak eman dira. Zerrenda bera atzera kontu bat izatea lorpena da, baina gehiegi dira. Bat bera gehiegi da. «Zein urte luzeak dortoken mendean». Erritmo motel horrek sufrikarioa ureztatu egiten du, baina indar guztien metaketa ezinbestekoa da helburura, zerora, iristeko. «Berriz min hau, luze dirau». Eta bide horretan imajinazioa behar da. Bidea guk egingo dugulako. Eta gaur egungo distentsio egoeran pausoak ematen ari diren arren, ezinbestekoa da bide hori indartzea. «Azala aldatzeak egiten du sugea suge izatea».
«Arazoak bertan dirau eta bitartean txoriak ezin du aske hegal egin». Aldebakartasun horrek nazioarteko bultzadak lagunduta egin ahal izan du aurrera. Asko dira eta ez nahikoak etxerako bide hori argitze aldera. «Gure geroa argituz doa, baina oztopoa betiko leloaren betiko leloa». «Hauxe da gure izena, izana eta ezina». Baina «ama, zerbait asmatuko dugu».