Free Korea hormatzarrean«Krasnoyarsk» sortu dute
Alexander Zhigalov, Igor Loginov eta Max Krivosheev errusiarrek osatutako sokadak Svobodnaya mendiaren (4.777 m, Kirgizistan) paretan neguko proposamen berria egin du. Bost eguneko eskaladan A4 zailtasuneko luzeak gainditu behar izan dituzte.
Kirgizistaneko Svobodnaya mendia (4.777 m) aipatzen badugu, ziur aski erabat ezezaguna izango da irakurlearentzat. Eta hala da. Alabaina, batez ere alpinista errusiarrentzat eta haren ingurumariakoentzat garrantzi eta sona handiko mendia da. Gainera, ez da harritzekoa; izan ere, haren pareta nagusiari, Free Korea izenekoari, “Urrezko Hormatzarra” deitzen diote. Horma tekniko zein tente horrek historia luzea eta azpimarratzeko modukoa du. Hamabost bide baino gehiago ditu, eta hango zirrikituetan Errusia aldean hain ezagunak diren alpinismoko txapelketak behin baino gehiagotan jokatu dira.
Aipatzen ari garen bezala, nahiz eta gure inguruko alpinistentzat ere oso erakargarria izan daitekeen “jolas eremu” eder baten aurrean gauden, Free Koreako ipar horman sortutako marra gehienek errusiar sinadura daramate. Hala ere, badira pare bat salbuespen. Horietako bat Jeff Lowe alpinista estatubatuar mitikoarena dugu. 1976an, Lowek bakarkako bide bat sortu zuen, bere deitura daramana. Eta bigarrena, beste estatubatuar batena da: Henry Barberena. Honek ere, 70eko hamarkadan, bakarka eginiko beste proposamen bat aurkeztu zuen.
Marraztutako sormen lanei dagokienez, aurreratu behar dugu ia gehienek bere baitan izaera teknikoa daramatela. Bide gogorrak badira, errusiar eskalan 6A gradua dutenak. Horiexek dira, beraz, Free Korearen lerroburu aipagarrienak. Esan dugu Kirgizistanen dagoela, hain zuzen ere, Ala Archako Parke Nazionalean (Tien Shan). Hango mendi ezagunenak eta bisita gehien jaso dituztenak Ak-Sai izeneko glaziarretik igotzen dira, eta, jakina, Free Koreak berak ere bertan du kanpaleku nagusia.
Bada, negu honetan Alexander Zhigalov, Igor Loginov eta Max Krivosheev errusiarrek “Krasnoyarsk” izeneko bide gogor berria zabaldu dute. Horretarako, pareta tekniko eta hotz horretan bost egunez (urtarrilaren 27tik 31ra) gogor lan egin behar izan zuten. Guztira, ia bi kilometroko proposamena atera zaie: 1.970 metro. Zailtasun teknikoei dagokienez, luze gogorrenak era artifizialean egin zituzten: A3 zailtasuneko 90 metro eta A4 zailtasuneko 160 metro. Errusiar eskalan, berriz, 6A gradua proposatu dute.
Zhigalovek aurreratu du Free Koreak makina bat bide dituela, baina oraindik zer edo zer berri egiteko aukera badela: «Agerikoak ziren hainbat balizko marra aztertu nituen; hori bai, independenteak izan behar ziren. Izan ere, hormatzar horretan dauden bide batzuk beste bide batzuetan hasten dira, eta jarraitu ere beste bide batzuetatik jarraitzen dute. Nik, aldiz, bide guztiz independentea nahi nuen. Ordenagailuaren aurrean eseri eta ordu mordoa egin nituen balizko marrak aztertzen. Lan horretan iaz hasi nintzen. Aitortu behar dut lehen igoeren inguruko informazioak arakatzen denbora asko pasatzen dudala. Pare bat bideren artean bide zuzen bat eskalatzeko aukera zegoen, baina nahiko bitxia zen. Orduan, Viktorovich kideak esan zidan paretaren ezkerretik hasita, ‘triangeluaren’ oinarritik hain zuzen, aukeraren bat bazela eta hura ondo aztertzeko. Kanpaleku nagusian nengoela, pixka bat hurbildu eta prismatikoekin kideak aholkatutako aukerara zuzendu nintzen. Bi aukera begiztatu nituen. Ezkerraldekoak errazagoa zirudien, eta sokakideei saiatzea proposatu nien».
Baldintza gogorrak
Aipatu bezala, hirukote errusiarrak bost egun behar izan zituen “Krasnoyarsk” bidea zabaltzeko. Free Koreako pareta horretan lau gau egin zituzten: hiru horman bertan eta laugarrena ertzean. Jaitsiera, berriz, “Lowe” bidetik egin zuten.
Urtarrilaren 27an marra berriaren lehen metroak eskalatu zituzten. Zhigalovek adierazi duenez, hasierako tarteak erritmo onean egin zituzten: «Beheko aldea nahiko azkar gainditu genuen. Izotzean hainbat luze egin eta gero, arrokan sartu ginen. Oso tentea zen, eta, gainera, elurrez estalita zegoen. Eskuinera eta ezkerrera pare bat bide daude, eta gu erditik joan ginen. Hasieran zuzen doa, baina ondoren eskuinera egiten du poliki-poliki. Eskaladaren hasieratik oso eguraldi makurra izan genuen, baina bagenekien hango negua nolakoa den. Baldintza gogorretan eskalatu genuen. Gainera, goialdetik erortzen ziren elur hautsezko erasoaldi asko pairatu behar izan genituen».
Protagonistek onartu dutenez, bigarren eguna gogorra izan zen oso, batez ere, zailtasun teknikoei dagokienez: «Pareta nagusi horretan baldosa moduko sekzioak aurretik genituen. Artesiak bazituen, baina baldosa horiek puskatzeko arrisku handia zegoen. Horrela bada, sokaburuak arreta handiz eskalatu behar izan zituen arroka zati horiek behean zeuden kideei ez botatzeko. Datu adierazgarri bat: 50 metroko luze bat egin ahal izateko, ia egun oso bat pasa genuen. Hura gaindituta, plataforma batera heldu ginen, eta gure bigarren bibaka antolatu genuen».
Egun latza igaro ondoren, hirugarren eguna are gogorragoa egin zitzaien. Ahalegin handiak egin behar izan zituzten lehen metroak eskalatzeko: «Gure denda kondentsatuta zegoen, baina hori segituan desagertu eta elur malutak erortzen hasi ziren. Gau hezea pasa genuen. Berriro ere arrisku handiko sekzioak igo genituen. Beste tarte tente bati ere aurre egin behar izan genion, eta erlaitz baten ondoan hirugarren gaua igarotzeko prestatu ginen. Bederen, elurra zegoen eta afalatzeko zein hidratatzeko ura izan genuen».
Gau osoan elur asko bota zuen, baina aurrera jarraitzeko borondatea zuten: «Arrokazko hainbat sekzio eskalatu ondoren, izotzezko eta mistoko luzeak egin genituen. Ertzara nahiko berandu iritsi ginen, eta gure kopeta-argiak lagunduta bibaka atontzen hasi ginen. Zalantzarik gabe, eginiko bibaketatik hotzena eta deserosoena izan zen».
Bosgarren eta azken eguna presio handikoa izan zen; errusiarrek jakin bazekiten gailurra egin eta egun berean jaitsi behar zutela: «Urduri geunden, batez ere beste gau bat ertz horretan pasatzea gogorregia izango zelako. Bost ordu eta erdi ertz horretan lanean egin ondoren, gailurrera heldu ginen. Pozarren geunden, baina lasaitzeko betarik ez genuen. Arratsaldeko hirurak ziren, eta oraindik beste zeharkaldi bat egin behar genuen ‘Lowe’ bidearen amaierara iristeko. Izotzean rapel ugari egin genituenez, jaitsiera oso luzea egin zitzaigun. Nahiz eta gauak harrapatu gintuen, jaisten jarraitu genuen. Goizaldean, 04:30ean, aterpera iritsi eta ordu batzuk goxo-goxo lo egiteko aukera izan genuen».
Hausnarketa modura, Zhigalovek onartu du “Krasnoyarsk” bidea zabaltzeak lan asko eskatu ziela: «Azkarrago egingo genuela uste genuen hirurok, baina paretaren baldintzek, arrokaren kalitateak, hotzak, elurrak... askoz mantsoago eskalatzera behartu gintuzten. Zailtasun tekniko handiak gainditu behar izan genituen, eta artifizialezko luzeek denbora asko eskatu ziguten».