Jose Angel Oria
Kazetaria
IKUSMIRA

Ban Ki-moon, errieta egiten ez dakien aita

On hutsa da eta ez da inoiz haserretzen. Ban Ki-moon NBEko idazkariari esateko moduko esaldia dirudi. Joan den igandean Aljerian izan zen korearra, eta saharar errefuxiatuen egoera negargarria ekarri zuen gogora (NBE aldeek adostutakoa betearazteko gai izan ez delako sortutako sufrimendua, neurri handi batean), Marokoko erregeari negoziazio mahaira itzul dadila eskatzeko.

Baina nazioarteko erakundeko buruak ederki asko daki Rabateko agintariek ez diotela kasurik egingo, Marokoko erregimenak beste lagun batzuk nahiago dituela (aberatsenak, jakina), eta Afrikako estatuak biltzen dituen Afrikar Batasunetik kanpo egoteak ere ez diola inoiz buruko min handirik eragin.

Mohamed VI.ak badaki Ban Ki-moonek errieta egiten ez dakiela eta egingo balu ere… bost axola. Gauza bera pentsatuko du Pierre Nkurunziza Burundiko presidenteak ere. Bere egoskorkeriak, agintean betikotzeko asmoak, genozidioaren atarian ipini du herria, baina korear diplomazialaria berarengana joan da, elkarrizketa eskatzera!

Hortzak erakutsi behar dituenean hitz goxoak erabiltzea leporatu zaio NBEko idazkariari. Nkurunzizarekiko jarrera dela-eta, diktadoreari zilegitasuna eman diola. Eta bere esku dagoen neurri eraginkorra (Burundik munduan hedatuta dituen kasko urdinak herrialdearen diru iturririk garrantzitsuena dira) hartu gabe utzi du. Begiraleek diote soldadu horiek Burundira itzuliz gero, presidenteak ezingo liokeela haien haserreari eutsi. Eta akabo diktadorea. Baina aitak ez du errieta egiteko asmorik, ez daki-eta.