Hitzek eta keinuek ematen duten beroa
G ogoan gordetzen dut oso une latz batean lankide batek esandakoa: pertsona maitatu baten galerak sortzen duen mina ezin dela banatu, baina horrela izango balitz jende asko zati bat hartzeko prest egongo litzatekeela zama hori arintzeko. Hitz horiek baltsamo baten modukoak izan ziren une oso mingarri batean. Tristeziaren pisu handi hori arindu zuten une batez eta ingurukoen artean antzeko eragina sortu zuten. Eragin bera izan zuten besarkadek, mezuek, deiek, musuek, bertsoek... beroaren sentsazioa zabaldu zuten, saminaren hotz sakonaren erdian. Orduan ulertu nuen beste une baterako uzten ditugun dei horiek, molestatuko duzulakoan esaten ez dituzun hitz horiek, garrantzi handia dutela besteengan duten eraginagatik.
Egoera akordura etorri zait azken egunotan, sentimendu pertsonalez hitz egin zuen politikari bat ikustean. Pentsatu nuen orduan politikaren munduak gizatasun dosi handiak behar dituela mezuetan, formetan, barruko antolakuntzan... Batzuk harritu ere egin ziren barrukoa kontatzen duen politikari baten hitzak entzutean; nik pentsatu nuen ausardia behar dela kamera baten aurrean zure barru-barruko gauzak azaltzeko.
Epe laburreko emaitzak, konpromisoak eta mila ardura lehen lerroan jarri behar diren mundu honetan, sentimenduak bigarren toki batean uzteko ohitura nagusitu da gurean. Ez genuke begi bistatik galdu behar gizatasunak bizitzaren zentroan egon behar duela, eta ez genuke inongo testuinguruan galdu behar, borroka asko sentimenduekin irabazten direlako.