GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Lilura neurtu eta garra pizturik mantendu


Emozioek politikan jokatzen duten paperaz idatzi nuen orain hilabete batzuk orrialde hauetan, hain zuzen emozioetan eragiteko gaitasuna lausotuta sumatzen nuela aipatuz. Azken asteotan izan dugu aldartearen txispa piztu digun jazoerarik eta giroan ere nabaritu da. Duela astebete Belodromoaren inguruan, barruko epeltasunean zein kanpoko giro desatseginean, ikusitako irudiek horren testigantza txiki bat utzi digute.

Pizgarri izan ziren sei urte espetxean pasatu ostean Arnaldo Otegik esandako hitzak. Mezu horren hartzaile askorentzako indar eragile izan zirela esango nuke. Era berean, azken egunetan nabarmendu diren isiltasunak eta baieztapen makurrek erakusten dute aldartea Otegiren irteera pozez hartu dutenen artean ez ezik, beste familia politiko batzuetan ere aldatu dela. Aitzitik, poza baino, gehiago dira deserosotasuna iradokitzen duten erreakzioak. Keinuak keinu, eta poztasunak eragin dezakeen lilurari neurria hartuz, ez dira gutxi Elgoibarren eta Donostian mahaigaineratutako erronkak. Euskal Herrian Estatu «dezente» bat eraikitzea, ganorazkoa. Finean, herritarron eskubideak errespetatuko dituena, bizitza duin bat izateko eskubidea bermatuko duena, zapalkuntzari tokirik utziko ez diona eta hori guztia nola gauzatu demokratikoki erabakitzeko aukera emango duena. Herriari entzun eta herriari hitz egitearen beharra ere plazaratu zuen. Sinple bezain garrantzitsua. Akaso hori ere bazen azkena ldian faltan sumatzen zena. Zentzumen guztiak aktibatu eta herriaren hauspoaz garra piztuta mantentzea ezinbestekoa izango da.