Lehen faseko sailkapena azken jardunaldian erabakiko da
Berezkoen Binakako Txapelketako lehen faseko azkeneko jardunaldia jokatuko da asteburu honetan. Gaur Arangoitzen izango dira partidak, eta bihar arratsaldean, berriz, Garindainen izango dira norgehiagokak.
Arrangoitzen, Bielle eta Ducassou Ospitalen eta Lukuren aurka neurtuko dira. Lehen bikotea, jokatutako hiru partidetatik bi irabazi eta bat galduta iritsiko da azkeneko jardunaldira, eta Ospital eta Luku, aldiz, jokatutako bi neurketak galduta. Bielle eta Ducassou dira irabazteko faboritoak eta dirua alde izango dute nabarmen. Ospitalek eta Lukuk gaur izango dute txapelketa hau partidaren bat irabazita agurtzeko azkeneko aukera, baina hori lortzea oso zaila izango dute.
Jaialdia 19.00etan hasiko da, eta lehen partidan, Goikoetxea eta Lamure Etxegarairen eta Lazkanoren aurka neurtuko dira. Partida hau Bigarren Mailako Txapelketako norgehiagoka izango da. Lehen bikotea da irabazteko faboritoa.
Bihar, berriz, txapelketak Zuberoan izango du zita, Garindainen jokatuko baita lehen fase honetako azkeneko partida, eta oso erakargarria izango da, gainera, lehen postua egongo baita jokoan. Larralde eta Gixandut Waltariren eta Bilbaoren aurka neurtuko dira. Azken hauek dira liderrak, jokatutako hiru partidak irabazita, eta hortxe amaitu nahi dute lehen fase hau. Larralde eta Gixandut, berriz, irabazita bi partida dituzte eta galduta, berriz, bakarra. Joan den astean galdu zuten partida, gainera, eta ez ziren batere ongi aritu.
Jaialdia 16.00etan hasiko da, eta Bigarren Mailako partidan, Intxauspe eta Amulet Monzeren eta Bonebeltxeren aurka lehiatuko dira.