GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

«Mikel apaiza»


Mikel zuen izena, Goenaga abizena. Niretzat, eta herrikide gehienontzat, «Mikel apaiza». 30 urtetik behera izango zuen ezagutu nuenean, Donostiatik gurera etorri berritan zela. Artean umemokoa izanagatik, segituan ohartu nintzen hura ez zela apaiz usuala: gaztea zen, adinez eta ohiturez; ez zen gainerako elizgizonen tankeran janzten; euskalduna zen, eta abertzalea; elizkoia bainoago zen kalezale; adarjotzaile aparta zen; gainerako sotanadunak ez bezala, gizarte arazoetan inplikatzea maite zuen, eta aisialdi ekimenetan, jaietan...

Apaiz diferentea zen Mikel. Erretore etxea harrera etxe bilakatzeraino. Han batu zituen jonki ohiak, arazo mentalak zituzten pertsonak, alkoholaren menpekotasunaren aurka borrokatzen zirenak, bazterkeriaren biktimak... Eta jakina, zenbaiti ez gustatu: Gipuzkoako Gotzaindegiak altoa eman zion, eta beste herri batera destinatu zuen. «Izango ziren tristetutakoak; baina baita poztuko zirenak ere. Azken horien artean, adibidez, Udaleko jendea edo herriratu bezain pronto kargua hartuz niregana hurbildu zen jauntxo txiki edo ‘notableen’ koadrila bat; nonbait, nire janzkera, ibilerak, konpainiak… ezin zitezkeen apaiz batenak izan», aitortu zion handik dozena bat urtera “Aiurri” aldizkariari.

1996an Jose Maria Setien eta enparauek herritik alde eginarazi ziotenetik, apenas izan dudan haren berririk. Orain arte, orrialdeotan haren hiru eskela ikusi ditudan arte. Eta bat-batean, gizatasunetik hain eskas gabiltzan garai hauetan, errefuxiatuak lokatzetan itotzen zaizkigunean eta eskaleei burutik behera txiza egiten diegunean, harekin akordatu naiz: eta han-hemen koskorreko batzuk banatzen imajinatu dut.