25 MAR. 2016 IKUSMIRA Dirua eta feminitatea ez dira ongi uztartzen Maider Iantzi Kazetaria Ez dut ulertzen zer esan nahi duzun esaten duzunean emakumeentzat gauzak ezberdinak eta, are gehiago, zailagoak direla. Beharbada izango ziren lehen, baina ez gaur egun. Orain, emakumeak ondo daude». Antzeko esaldiak aditu izanen dituzu, edo agian zuk erran dituzu. Chimamanda Ngozi Adichie idazle nigeriarrak hori entzuten zuen Louis lagun minarekin izaten zituen eztabaidetan. Baina gau batean, elkarrekin afaltzera atera ziren Lagosen. Ia hogei milioiko hirian zaila izaten da afalorduan aparkatzea eta bada jendea sos batzuen truke tokia topatzen dizuna. Aparkalekua aurkitu zien gizonaren antzerki keinuek harrituta, Chimmamandak eskupekoa eman zion. Honek, pozez eta esker onez, Louisi begira erran zuen: «Milesker, jauna!». «Zergatik eman dizkit niri eskerrak?», galdetu zuen Louisek. Azkenean ulertu zuen. Uste zuen dirua berea zela, gizona delako. Parekidetasuna lortzeko baldintza garrantzitsuenetako bat da emakumeak ekonomikoki independenteak izatea, baina, lan munduan sartu arren, dirua eta feminitatea ez dira ongi uztartzen. Pentsatzen da dirua lotuago dagoela arrazoiarekin maitasunarekin baino eta biak ez doazela bide beretik. Erruduntasuna agertzen da ordaindutako lanean denbora ematean, etxeko lanei eta zaintzari “kenduz”. Aitzinera egiteko, beharrezkoa da dirua irabazi eta horregatik gaizki ez sentitzea. Bide batez, Ngoziren “Guztiok izan beharko ginateke feminista” gomendatzen dizuet, plazaragoaz.blogariak.net-en. Ordu erdiko irakurketa atsegina, gainera euskaraz.