Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surfa

Zarauzko QS txapelketa gaur goizean hasiko da

Ipar-mendebaldeko haize zakarra eta olatu narrasak zirela-eta, lehiaketa bertan behera geratu zen atzo.

Ipar-mendebaldeko haize zakar eta olatu narrasekin hasi zen atzoko eguna, Zarautz Pro txapelketako lehen lehia eguna izan behar zuena. Orduek aurrera egin ahala egoerak onera baino txarrera egingo zuela aurreikusi ondoren, antolatzaileek txapelketa bertan behera uztea erabaki zuten. Beraz, atzo egitekoak ziren mutilen lehen txandak gaur egingo dira, eta horrela, gaur emango zaio hasiera mutilen zein nesken munduko QS txapelketari.

Goizean zehar Axi Muniain ematekoa zen Carver ikastaroa ere bertan behera geratu zen, patinetean ibiltzeko baldintza oso eskasak zirelako. Arratsaldean, ostera, Axik hitzaldi bat eman behar zuen Arguiñano parean, baina eguraldia zela-eta leku aldaketa izan zen eta Zarauzko erdigunean dagoen Modelo aretoan izan zen hitzaldia arratsaldeko seietan.

Gaueko kontzertuei dagokienez ere izan zen aldaketarik. Aste Santurako Zarauzko Munoa plazan eraikitzen den karpa handian egitekoak diren kontzertuek bere horretan jarraitzen dute. Hala, atzo Buffalo eta The Longboards taldeak izan ziren gauari kolore apur bat eman zioten taldeak, baina bestalde, txapelketa eremuan egitekoa zen El Ciruelo DJ kontzertua atzo eskaini beharrean igandean izango da, sari banaketen ostean.

Gaur eguraldia atseden hartzen hasiko da, haizea baretuz doan neurrian olatuen kalitateak gora egingo du eta pixkanaka gero eta baldintza ederragoak izango dira. Astebururako berriz, surf txapelketa bat egiteko baldintza ezin hobeak izango dira; beraz, orduek aurrera egin ahala ikuskizuna gero eta ederragoa izango da Zarauzko hondartzan.