GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Abezedarioa


Abezedarioaren zenbatgarren letran eseri ginen ahaztu zait aspaldion. Borrokaren ‘B’an? Behean? Ala Ideologikoaren ‘I’an? Ian? Oztan? Lautada batean jarri ziguten abezedarioa, lerro zuzenean, letra larriz, eta alboetara begiratuz gero, emakume ilara oso bat begizta daiteke oraindik, belaunaldi bat baino gehiago letra bakoitzaren azpian.

Gasteizko manifestazioan ateratako argazkiak argi izpi desberdinak utzi zituen, emakume bakoitzaren letra, borroka, edo dena delakoa, desberdina den neurrian. Ideologizazioetatik gertuago lurtartasunetik baino, letra bakoitzaren azpian gertatzen denak, pentsatzen denak, sufritzen denak, mikromundu bat du oraindik, are, mikrounibertso bat. Batukada ikastaroa haurrak lokartu ondoren; ikastola orduetako ‘ordu libreak’; bulardependentzialismo berria... Kate bat gehiago norberaren letraren kontra. Autosinetsitako sasiberdintasun bihurtu den tendentzia finkoa, etxekoandretasun modernoa, gustu emateko erabaki politiko domestikoak.

Parean, autopista. 150 kilometro orduko abiaduran gure begien aurretik pasatzen. Erdiko hatza zutik, ipurdiak leihotik kanpora, isekak, irainak, kolpeak, jipoiak, mehatxuak, odola, hilketak. Pasatzen ikusi ditugu horiek denak, gurekin zerikusirik izango ez balute bezala, distantziarekiko konfiantzaz, eserita, egokitutako letraren ondoan. Aktibotasuna beharrezkoa bada borroka batean, lehia ideologikoan garaitzea ere ezinbestekoa izango da, garaipen mailakatuen zerrendaratzea, abezedarioaren jabe izan artean. Hori, eta laster batean ekimen propioz autoak lapurtzen hastea, abiadura kontua gutxienekoa bada ere.