GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Elkarbizitzarako beste tonu eta txispa bat


PNVko bati behin aditu nion ezker abertzalea noizbait arriskutsua bada, ustez lur jota eta dena kontra duela dirudien momentuetan dela. Sekulako gaitasuna duela gutxien espero den unean indartzeko eta aukera berriak sortzeko. Gehien baloratzen zuena ezker abertzalearen irauna zela, sakaka eta bultzaka segi eta segi hori, jasotako ideal hori datozenei pixka bat urrutirago eramanda uztea. Pronostiko guztien kontra, sekulako kostuekin, asto makilatua legez, bidean temati eta aurrera.

PNV oso oker dabil elkarbizitzarako bere eskemarekin. Independentziaren alde egin dezan ez diot nik independentista ez denari eskatuko, baina PNVri kaskarkeria gutxiago eta larregi ez sobreaktuatzea eska dakioke, bai. Presoen gaian adibidez. PNVk badaki, herrirako bidea Zaballatik pasatuko dela. Oxala! Baita ere, baina, ez dela “Zaballa bidea” izango, ez izenaz, ez izanaz. Elkarbizitza ezin delako ezker abertzalearen kontra egin, haren desgastea xede izanez, ezta PNVren alde egitetik ere.

Santu eta demoniorik gabeko azterketa baten laizismotik etorriko da. Independentziaren alde borrokatu direnen historia eta protagonismoaren handitasuna aldarrikatzea libre, Euskal Herrian gertatu den guztia gertakarien inteligentziara bueltatuz. Ez psikoanalisi kriminalaren bidez, ez kausa eta arrazoiekiko deskonexioa landuz, ezta intimismo mediatikoa esplotatuz ere. Bitartean, sumatzen da, bai, ezker abertzalea beste tonu eta txispa bat hartzen doala. Batez ere, Bilborako deia eginez, presoen gaiak hartu duen fundamentu berriaz. Oxala PNVk aukera hori ere eskutik oratuko balu!