25 ABR. 2016 ANTZERKIA Jakin-mina Jaime VALVERDE Esango nuke Horman Poster taldea, Metrokoadroka Kolektiboarekin batera, bakarra dela euskal antzerkigintzaren baitan bere proposamenean. Teatro postdramatikoa deitu izan da jarrera artistiko hau. Nik neuk ez dut termino hori gustuko, zahar-berri dikotomia artifiziala dakarrelako nolabait, baina egia da adierazkorra suerta daitekeela zertaz ari garen azaltzeko. Ekintza dramatikoa, hemen, askatu egin da XX. mendera arte Mendebaldeko teatro hegemonikoa definitu zuen narratibotasunetik, eta justaposizioz antolatutako unitateetan garatzen da. Sorkuntza prozesua ideia baten inguruan eraikitzen da, non eta taula gainean egindako esperimentazioak ideian sakontzeko balio duen, eremu kontzeptual horretan loturak edo ondorioak ateratzeko. Prozesuaren eta emaitzaren artean ez dago muga argirik eta espero da hausnarketa (desberdinak) ikuslearengan ere sortzea. Obra honetan suspense efektua dugu giltzarri. Hitchcocken lana aintzat hartuz, taldekoak ohartzen dira suspensearen gakoa ikusleak daukan infor mazio kopuruari dagokiola. Gertatzen denaz edo gertatuko denaz zer dakigun eta zer ez, edota erakusten diguten horretaz egiten ditugun interpretazioak –edo dauzkagun aurreiritziak–. Hartara, publikoa eszenatokiaren alde banatan bereizten da, eta talde bakoitzari informazio desberdina ematen zaio. Tonu ironiko eta, nire ustez, parodiazko batean, suspensezko zinematik hartutako zenbait eszena tipiko planteatzen dituzte –eztanda egitear den bonbarena barne–. Azkenean, gizakiak duen jakin-behar eutsiezinera iristen gara: jakin-nahiak gugan sortzen duen inpultso indartsu horretara, beldurrezko pelikuletan protagonista inozoa sototik iritsitako zarataren jatorria ikertzera bultzatzen duen bera.