Lasai ekin diogu asteari, mila esker!
Askotan entzun dugu Nafarroa estatu-auzia dela eta aurreko astean hori baieztatu besterik ezin izan genuen egin. Espainiar Gobernua osatzeko elkarrizketak aurrera ez doazela-eta, hauteskunde berri batzuen eszenatokian kokatzen ari gara guztiak, eta posizioa hartzen azkarrena Polizia bera izan da.
Duela astebete, eguna argitzearekin batera, Burlatako hainbat bizilagun atxilotzen ari ziren, tortura salatzen zuen mural bat egitea leporatuta. Mural bat. Hurrengo egunean beste hiru pertsona atxilotu zituzten, Jorge Olaizi ongietorri egiteko pankarta bat egitea egotzita. Eta asteari azken ukitua emate aldera, ostiralean bost gazte atxilotu zituzten ikasle grebarekin lotuta eta 47 euskal herritar auzipetu, presoen eskubideen aldeko lana egiteagatik. Zarata edo oihartzun mediatikoa besterik bilatzen ez duten razziak direla entzun da. Baina, espainiar hauteskundeei begira dauden operazioak izanda ere, ezin baztertu etxean duten eragina. Horrelako atxiloketek mahai gainean jartzen dute, berriz ere, Iruñeko Udalean eta Nafarroako Gobernuan jardunean dauden alderdien arteko aldea eta egoeraren aurrean hartzen duten posizio desberdina.
Euskal Herriko gatazkaren errelatoaren gaineko borrokan ere kokatu dira. Baina egungo errelatoan ere erritmoa markatzeko ahalmena erakutsi dute. Eraginkor edo ez, agenda mugimendu polizial horien baitan mugitu zen. Kasu askotan, horri buelta ematen ere asmatu den arren.
Beraz, gaur, asteartea, aste honi lasaiago ekin diogula eskertu beharrean gaude. Mila esker!