02 MAY. 2016 KIROL ESKALADA Mikel Linazisorok beste mugarri handi bat gainditu berri du Pasa den apirilaren 24an, 15 urteko bergararrak Etxauriko «Begi puntuan» bidea kateatu zuen. 9a zailtasuneko bere lehen marra izateaz gain, Linazisoro gradu hori lortzen Euskal Herriko zein espainiar Estatuko eskalatzaile gazteena bihurtu da. Última actualización: 02 MAY. 2016 - 06:22h Andoni ARABAOLAZA Pasa den apirilaren 24an Mikel Linazisorok lortu zuenak ez gaitu ezustekoan harrapatu. Eskalatzaile bergararraren gaitasunak ikusita, argi geneukan Etxauriko Kale Borroka sektorean dagoen “Begi puntuan” bidea poltsikoratuko zuela. Eta, azkenean, hala izan da. Linazisororen lehen 9a izan da, eta, lasaia asko esan genezake, zailtasun horretan ate handitik sartu dela. Zergatik diogun hori? Bada, besteak beste, gradu hori soilik 15 urterekin erdietsi duelako. Bai, 15 urte! Baten batek esango du, beste garai batzuekin alderatuta, egun entrenamendu oso espezifikoak zein zientifikoak daudela, eta muturreko zailtasunean sartzea adin txikiarekin askoz errazagoa dela. Hein batean arrazoia izango du, baina horrek ez du kentzen eskalatzaile gazte honek Euskal Herriko kirol eskaladari ematen diona azpimarratzeko modukoa dela. Gaitasuna du, bai, baina ondoan dituen laguntzaileek ondo baino hobeto dakite Linazisororen gaitasun hori ondo bideratzen. Hitz batean esanda, protagonista honek ekarpenaren bidetik jarraitzen du, eta berriki gainditu duen mugarria gogoratzekoa izango da. 9a graduan sartzeaz gain, protagonista hau zailtasun hori lortzen Euskal Herriko zein espainiar Estatuko eskalatzaile gazteena bihurtu da. Hori ere ez al da garrantzitsua? Eskaladako lehiekin gertatu ohi den bezala, egin berri duen 9a hau bere neurrian aztertzeko denbora pasa beharko da. Iaz gauza bera baieztatu genuen munduko txapelketa irabazi zuenean, eta uste dugu “Begi puntuan” bidean lortutakoarekin gauza bera gertatuko dela. Gaztea lainotik jaisten harrapatu dugu, edo bide horretan behintzat: «Onartu behar dut ’Begi puntuan’ egin nuenetik egun gutxi igaro direla, eta egindakoaz jabetzeko denbora behar dut. Ikastetxean, lagunek, eskalatzaileek... denek zoriondu naute. Oraindik hor goian jarraitzen dut». Aipatu dugu iaz munduko txapelketarekin egin zela, eta garai hartan iragarri zuen 9a graduaren atzetik jardungo zuela. Baltzolako “Il domani” bidea probatzen hasi zen: «Egiteko zorian egon nintzen, baina iaz lehia askotan parte hartu nuen eta arrokan jarduteko ia ez nuen astirik izan». Gogora dezagun Linazisororen progresioa oso azkarra izaten ari dela. Duela pare bat urte, 13 urterekin, Araotzen dagoen “Koldoren mundua” (8c+) egin zuen. Baina iaz (14 urterekin), arrokari dagokionez, “zurian” pasa zuen urtea. Aurten lortutakoa, beraz, bereziki garrantzitsua izan da gaztearentzat. “Il domani” alde batera utzi ondoren, xedez aldatzea erabaki zuen: «Baltzolakoa probatzen ari nintzela, uda osoan lehietan buru-belarri egon nintzen. ‘Il domani’ kateatuta duen Ander Lasagabasterrek proposatu zidan ‘Begi puntuan’ probatzeko. Eta saio horiek elkarrekin partekatu ditugu. Ander seigarren igoerarekin egin da, eta ni, ondoren, zazpigarrenarekin. Ederra izan da oso Anderrekin ‘Begi puntuan’ marran bizi izan duguna. Asko lagundu dit, eta eskertzen diot. Hori bai, ‘Il domani’ ez daukat ahaztuta. Laster berriro nazioarteko lehiekin hasiko naiz, eta horiek bukatu eta Baltzolan baldintza egokiak ematen direnean, orduan ‘Il domani’-ri berriro ekingo diot». Lehen 9a Linazisorori aipatu diogu harritu gaituela “Begi puntuan” hautatzeak; hein batean, Baltzolako bide fisikoekin alderatuta, Etxaurikoak ez duelako bat egiten bere estiloarekin: «Bai, ‘Begi puntuan’ plaka tente bat da, eta teknikoa ere bai. Baina hartan egin dudan lanak ez nau harritu; izan ere, marra horrek indarra eskatzen du. Lehen zatia( 8a) ez da zaila, baina ondoren hiru bloke gogor ditu. Bigarren blokeak buruhauste handiak eman zizkidan; hura gainditzea asko kostatu zitzaidan. Saio batean, blokeko pausu hori egin nuen, baina dardarka hasi eta erori nintzen. Hori Eguberrietan izan zen. Bigarren bloke hori egin nuen hurrengoan katera heldu nintzen; hots, pasa den apirilaren 24an». Nahiz eta Linazisororen lehen 9a izan, aurreratu behar dugu “Begi puntuan” poltsikoan sartzeko ez dituela ekinaldi gehiegi behar izan: «Uste nuen gehiago kostako zitzaidala. Eguberrietako oporrak baino lehen probatzen hasi nintzen. Opor horietan, berriz, Ander eta biok jo eta su ibili ginen. Anderrek Aste Santuan igo zuen, eta ni bitartean opor horietan Fontainebleaun eskalatzen egon nintzen. Beraz, Eguberrietatik Aste Santura arte ez nuen ‘Begi puntuan’ probatu. Ondoren, pare bat asteburutan saiatu naiz, eta azkenean lortu dut. Sentsazioa dut Eguberriak baino lehen egiteko gai nintzela, baina...». Gazteak Lasagabaster behin eta berriz aipatu duenez, aurreratu behar dugu arrasatearrak “Begi puntuan” igotzeko beste metodo bat erabili zuela, bere ustez errazagoa: «Nik ere Anderren metodoa erabili dut, baina oin ezberdinak erabili ditut. Argi daukat orain arte egin dudan biderik zailena dela. Beste marra batzuetan baino borroka gehiago behar izan dut egin. Nire lehen 9a izan da, eta, beraz, gauza handirik ezin dut esan. Zailtasun bereko beste bide batzuk egin beharko ditut zehaztasun gehiago emateko. ‘Koldoren mundua’ bideak ‘+’ bat gutxiago du, eta hori nabaritu dut». Esan dugun bezala, bergararra “Begi puntuan” marra igotzen zazpigarren eskalatzailea izan da. Gogora ekarri diogu, kateatu berri duen bidea Etxauriko lehen 9a izan zela. Gogoratu dizkiogu ere, besteak beste, Patxi Usobiaga, Iker Pou, Ekaitz Maiz eta Gorka Karapetoren izenak. Eta gogoratu diogu ere izen handi horien artean berak soilik 15 urterekin muturra sartu duela: «Eskalatzaile handi horien artean nire izena egotea berezia da oso. Harro sentitzen naiz, ohore bat da eta pozarren nago». Eskalatzaile gaztea aise gainditzen ari da kirol eskaladak goialdetik dituen zenbakiak, eta muturreko zailtasunean ere “aise” sartu da. 9a esferan sartzeak ilusio berezirik egin ote dion galdetu diogu: «Jakina, berezia da oso. Baina 11 urterekin lehen 8a egin nuenean ere ilusio handia egin zidan. Urrats bat bestearen atzetik, eta denek ilusio bera egiten dute. Argi dudana da gero eta gehiago kostatzen dela zenbakiz eta letraz aldatzea. Izan ere, mailaz gero eta gehiago igo, orduan eta lan gehiago egin behar duzu». Amaiera aldean, lerrootako protagonistari beste gai bat gogora ekarri diogu. 8c, 8c+ eta 9a egiten Euskal Herriko zein espainiar Estatuko eskalatzaile gazteena dela. Horri guztiari garrantzia ematen al diozu?: «Jakina, bai, baina horrekin ez naiz itsutzen. Ohore bat da hori guztia egitea, baina lasai nago. Nire helburu nagusia lanean jarraitzea da». Eta lanean jarraitu beharko du; batez ere, lehiaketak prestatzeko. Bi aste barru Espainiako Koparen hirugarren proba du; lehen biak irabazi ditu. Eta, ondoren, nazioarteko lehiak Linazisororen atea jotzen hasiko dira. Beraz, arrokan momentuz ez du helburu zehatzik: «Eskalatu eta kito. Eta lehien denboraldia bukatzen denean, orduan xederen bati ekingo diot». LEHEN 9A Pasa den apirilaren 24an, Mikel Linazisoro Etxauriko «Begi puntuan» bidearen zazpigarren igoerarekin egin zen. Bergararraren lehen 9a izan da. MUGARRIA Eskalatzaileak marra hori 15 urterekin kateatu du. Hori lortzen Euskal Herriko zein espainiar Estatuko eskalatzaile gazteena da. ZAILENA Protagonistak onartu du «Begi puntuan» dela orain arte bere ibilbidean egin duen biderik zailena. Alabaina, gehiago kostatuko zitzaiola uste zuen.