12 MAY. 2016 IKUSMIRA Zoriontasuna: fededun asko, praktikante gutxi Mikel Zubimendi Kazetaria Zoriontasunaren kontzeptua euskal poli tikara geratzeko etorri da. Arnaldo Otegik Pepe Mujicaren hitzak gogoratuz, zoriontsu izatea gure borrokaren funtsa ere badela aipatuz, oso inspiratzailea den puntua jarri du. Aspaldiko kontua da zoriontasuna. Aristotelentzat pertsona ona izatean zetzan, etikoki zuzena, arrazoiak gidatua, eta nork bere bertuteak landuz bizitzean. Epikurok plazerarekin lotu zuen. Estoikoek, aldiz, plazera aldaretik apur bat jaitsita, bizitzaren zirkunstantzia etsigarri eta mingarriak gorabehera, pertsona zoriontsua izan zitekeela zioten. Kristautasunak, Erdi Aroan predikatu eta praktikatu bezala, plazera osoki ezabatu eta mina zorion-bide egin zuen, Jainkoaren opari gisa sikiera “beste” bizitzan nolabaiteko zorion dibinoa lortzeko. Berpizkundeak zoriontasuna zerutik lurrera ekarri zuen berriz eta Ilustrazioak eskubide egin zuen, pertsona orok horren alde borrokatuta lor zezakeena. Egun, zoriontasuna gorputza gurtuz bilatzen da, muturreko kirolek gurean duten gantxoa lekuko. Lan egin eta produktiboa izanez, aberastasun materiala eta estatus soziala pilatuz. Ez omen dago langabe edo alferra izatea baino zorigaitz handiagorik. Nork bere indarrean baino ez du konfiantza izan behar. Jarrera kontua da, zirkunstantziek ez dute ezberdintasunik sortzen. Zoriontasunaz aritzea ideologiaz hitz egitea da. Jendea on eginez ondo sentitzen da. Benetan inporta duten gauzak lehenetsiz bizitzea gizarte balioen errotiko aldaketa laguntzea da. Aberatsen bizitza bizi baino, euskal jendeak bizitza aberatsago bat bizitzen laguntzean datza gakoa.