GARA Euskal Herriko egunkaria
ALPINISMOA

«Universal studio»,Rognon du Planeko mistoko marragogor eta berria

Simon Chatelan-ek eta Jeff Mercier-ek mendiaren ipar-mendebaldeko aurpegian 650 metro luze den eta M8 zailtasunak dituen bide bat zabaldu dute.


Jeff Mercier frantziarrak badirudi ez dakiela zer den geldirik egotea. Beti dabil mendian; bai eskalatzen, bai gidari lanetan. Baina berak aitortzen duenez, gustukoen duena sormen lanetan buru-belarri ibiltzea da.

Joan den maiatzaren 5ean, Mont Blanceko mendilerroan beste ekarpen bat egin zuen. Simon Chatelanekin batera, Rognon du Plan mendiaren (3.901 m) ipar-mendebaldeko aurpegian mistoko marra berri zein gogorra zabaldu zuen: “Universal studio” (M8, 650 m).

Mercier-ek berak egin ditu hamahiru luze dituen bide honen inguruan lehen adierazpenak: «Zabaldu dugun marra berri hau ederra da oso. Eta, gainera, baldin eta paretaren erdian dauden 150-200 metroko elurrezko sekzioa saihesten bada, M7 zailtasunean oso homogeneoa da. Xede honi ekin genionean, biok ala biok argi geneukan: bastioi horretan lekua dago sormen lanari ekiteko. Ibilbide osoa logikoa zein agerikoa da, eta fisureroekin babesteko aukera handiak daude. Hori bai, bide bat zabaltzen den bakoitzean bezala, artesiak garbitu behar izan genituen. Haranetik, ilunabarrean, argi eta garbi ikusten zenez, amaieran dagoen diedro handi eta bertikala derrigorrez eskalatu nahi genuen. Bidearen giltza han dago: 11. eta 12. luzeak dira, hain zuzen ere. Hamabigarrena arriskutsua eta zailtasunean iraunkorra da. Gainera, sekzio batean (hondarrezko artesi bat) soilik 000 zenbakiko camalot batekin aseguratzen da. Simonek dio M8 izan daitekeela. Luze hori sokaburu egin nuen, oso kontzentratuta nengoen eta ez dakit ze zailtasun eman».

Irudimena

Mercier-ek onartu du Chamonixen hainbat orratzez osatutako sektore hori (Midi, Plan...) oso gustuko duela: «Asko ibilitakoa naiz han eskalatzen. Leku atsegina da, eta kontuan hartu behar da Rognon du Planaren ipar-mendebaldeko aurpegiaren oinarrira heltzeko soilik bi ordu behar direla. Gainera, mistoko marra gutxi daude; soilik aipatuko nuke ‘Fil a plom’ marra. ‘Universal studio’ hilaren 5ean zabaldu genuen. Goizeko seietan hasi ginen, bastioira iristeko (bosgarren luzea) hiru ordu behar izan genituen eta gailurrean arratsaldeko seietan ginen».

Frantziarrak dio, Rebufatten filosofiarekin bat egiten duela: «Gaston bezala, uste dut pribilegiatu bat naizela, Mont Blanceko ‘Disneyland’ honetan ukitu gabe dauden marrak zabaltzeko aukerak ditudalako. Aiguille du Midiko ‘Contamine’ bidea hamaikagarrenez eskalatzen ari nintzela, nire begiak Rognon du Planeko mendebaldeko aurpegira joan ziren. Simon ondoan neukan, eta hortik sortu zen gure xede berria».

Sokada horrek egun bateko jardunean hamahiru luze zabaldu zituen. Zailtasunean oso iraunkorra da; besteak beste, M7 graduko hainbat luze ditu eta bat M8 zailtasunekoa.

Nahiz eta hainbat luze gogorrak eta arriskutsuak izan, Mercier-ek aurreratu du zabaldu duten marra berriak denetarik duela: «Arrokan eta izotzean mistoko tarte ugari ditu, 80 graduko couloir bat ere gainditu behar da, artesiak dituzten sekzio plakeroak eskalatu behar dira... Uste dut ‘Universal studio’ asko eskatzen duen proposamen eder bat dela; norberaren emozioak dantzan jartzen dituena. Aipatzeko modukoa da seigarren luzean bloke erraldoi batekin egin genuela topo; marrazo baten hegalaren antz handia du».

Bide guztia borobildu ostean, sokada horrek uste du “Universal studio” dela sektore horretako mistoko marra gogorrena; batez ere zailtasunean oso iraunkorra delako. Eta gehitu dute proposamen horrek irudimena lantzeko balio izan diela.