24 MAY. 2016 IKUSMIRA Arnasa sakon hartu eta hamar arte kontatu Amagoia Mujika Kazetaria Arratsaldeko azken orduan, supermerkatu baten atarian, eraso bortitz bat ikusi beharra egokitu zait. Asko aztoratzen nau pertsonen arteko indarkeriak, gorputza gorputzaren kontra, ukabilak harri eta begiradak su. Ez dut ezer ulertu, batek gaizki begiratu diola eta, besteak, begiratu besterik ez diola egin. Total, sekulako iskanbila eta trantze txarra. Gerora egoera aztertzen saiatu naiz, borrokalarien inguruko detaile guztiak borratuta, ez adinik ez jatorririk ez janzkerarik ez ezer. Ahalik neutroena. Borrokarako beharra zuen batek eta besteari piztu egin zaio. Askotan esaten da gure jendartean indarkeria gero eta presenteago dagoela. Ez da harritzekoa. Sinchanen amak haserretzen denean sekulako burukoa ematen dio mutiko nekosoari eta buruan koskor galanta ateratzen zaionean barre egiten dugu sofan eserita, txikiek eta handiek. Futbola ikusten ari garela ile mozketa arraroak maite dituzten futbolari ponpoxoak haserretu eta burua buruaren kontra jartzen dira, ahariak borrokan bezala, hortzak erakutsiz, zeinek zein lehenago kikilduko. Eta kotxean goazenean, aurrekoak espero gabe frenatzen badu, barruan dugun piztia hori ateratzen zaigu ahotik, bere hizkera eta imintzio propioekin. «Lasai maitea, erdiko behatza erdiko behatza besterik ez da», saiatzen gara lasaitzen autoaren atzealdean eserita dauden gure Sinchan-ak. Indarkeriak inguratuta bizi gara, indarkeriak piztuta eta puztuta. Eta okerrena da egoera bortitz asko erraz ekidin daitezkeela: Arnasa sakon hartu eta hamar arte kontatu. Eta hamar arte nahikoa ez bada, hogei arte.