26 MAY. 2016 IKUSMIRA Preso psikotikoak Amalur Artola Kazetaria Unai Villenari irakurri diot «preso psikotikoak» kontzeptua. “Hauts haietatik” eleberria idazteko ikerketa fasean zela, psikiatrikoan egonaldi luze samarra egitea tokatu zitzaion pertsona bati entzun ziola kontatu dit: «Atera zenean egin zuen lehenengo gauza aurkitu zuen banderola handiena balkoian jartzea izan zen. Preso sentitu zela zioen, bere bizitza eta askatasuna beste batzuen esku egon zela, eta horrek beste errealitate batzuetan sakonago pentsatzera eraman zuela». Pentsatzera, bai eta publikoki elkartasuna adieraztera ere, mingarriak diren bestelako errealitate batzuk badirela ohartu eta haiei babesa eskaintzera. Ikerketa fase berean, Alondegian nahaste mentalei buruzko topaketa batzuetan ere izan zen Villena. «Anonimoki hartzen zen parte, baina inork ez zuen lehen pertsonan hitz egin», esan dit. Baina bitxiena zera izan omen zen, inor ez litzatekeela gai izango parte hartzaileen artean patologiaren bat diagnostikatua nork zuen eta nork ez asmatzeko. «Denak ziren ‘normalak’. Horregatik iruditu zitzaidan interesgarriagoa aurreiritzi eta estigmetan sakontzea, gaixo hauen aurrean ditugun jarreretan». Eta hasi gara zerrendatzen: bazterketa, beldurra, samina, bakartzea, umiliatzea, gutxiestea, umetzea, autonomia ebastea… eta, zenbaitetan, existituko ez balira bezala jokatzea. Eta otu zait banderola jarri zuen hura izan zela enpatia sentitu eta adierazteko gauza, eta haiekiko maiz izaten ditugun jarrerek gehiago dutela zerikusia beste aldera begiratzearekin. “Preso psikotiko” horrentzat agian errazagoa dela hormigoizko murruak eraistea gizarteko murru ikusezinei izkin egitea baino.