Atakatik
Atzetik aurrera, horrela litzateke: «Eskerrik asko ulertzeagatik. Amaieran, nahi baduzue, egin galderak euskaraz. Horrela prestatu dute aurkezpena. Egokiagoa da gaztelaniaz egitea». Atzekoz aurrera diot, hankaz gora jarriko baita egoera horren bueltan izan diren pertsonen izenak esandakoan baten baino gehiagoren bihotz punpada. Andu Lertxundi, Gerardo Markuleta eta Inazio Mujika Iraola –eta orain hasi goia kopetarekin jotzen–.
“Zu” (Erein) eleberriaren gaztelerazko itzulpena –“Tú”– aurkeztu zuten hirurek; lehenak egile originala izateagatik, bigarrenak itzulpena egiteagatik, eta hirugarrenak editore aritzeagatik. Mamiaz hitz egin genezake, liburuak galerara botatzeko hitz bakar bat ere ez baitu. Bikaina oriotarraren lana. Baina horretarako Kulturako orrialdeak. Nik beste hausnarketa nahiago, eta ez da hain zuzen kazetari honek egindakoa, idazle horiengandik jaiotakoa baizik. Eta da nola uzten dugun EUSKAL hegemoniko horretatik kanpo euskal itzultzaile batek gaztelerara egindako euskal idazle baten itzulpena. Eta da nola –Markuletak berak esanda– gaztelaniara itzultzeko bidea behar baino gutxiagotan egin dugun, konplexu eternoak mantentzeko grinagatik. Eta da nola –Lertxundik berak esanda– hainbat euskaldunek eskatu duen bere lanaren gaztelaniazko itzulpena, tamalez euskal herritarren gehiengoa ez baita gai euskarazko literatur obra bat irensteko. Eta da, nola egiten diogun kritika kritikagarriaren ituaren erdian aspaldion jarria dugun horri. Eta nola gure txikimundu honek indar zentrifugo eta zentripetoen arteko oreka are nabarmenago bilatu behar eta beharko duen. Ez baikara gai atakatik ateratzeko.