Ozeanoei begira
Ozeanoen Munduko Eguna zen atzokoa. Planetaren bihotz, milioika pertsonaren eguneroko jakiaren iturburu, 250.000 espezieren habitat, gure aisialdirako gune preziatu, zaindu beharreko altxor. Ozeanoak.
Handik eta hemendik arduraz jokatzeko mezuak iritsi zaizkigu, beste behin: esate baterako, urtean zortzi milioi tona plastiko jaurtitzen dugula ur masa handi horietara (martxa honetan jarraituz gero, 2050. urterako ozeanoetan arrainak baino plastiko gehiago egongo dela diote zenbait ikerketak). Baita kontzientziaziorako beste hainbat ere: Lurreko bizia modu orekatuan mantentzeko ezinbesteko ditugula, klima bera eta baldintza atmosferikoak arautzen laguntzen dutelako; gure biriketara iristen den oxigenoaren %50etik gora ekoizten dutela; haiek garbi mantentzea gure superbibentzia bera defenditzea dela... Ozeanoak.
Aspalditxoan bizitzarekin beharrean heriotzarekin lotzen ditugun ozeanoak, itsasoak. Iazko irailean Siriako hiru urteko mutiko baten izena ikasarazi zigun Egeokoak, Turkiako hondartza bateko itsasertzeraino zerraldo eraman eta gero. Zientoka Aydan Kurdi –direla haur helduagoak, direla emakumeak, direla agureak– izan dira geroztik, haien benetako izenik inork irakatsi ez digun arren. Izatez, inork ikasi nahi al ditu?
Ozeanoen Nazioarteko Eguna zen atzo, NBEko Errefuxiatuen Goi Batzordearen azken txostenaren biharamuna. Hona datu hotzak: 2014az geroztik, 10.000 pertsonatik gora zendu dira Mediterraneoko uretan Europara iritsi nahian. 3.500 baino gehiago azken bi urteetako bakoitzean; eta 2.814 badira aurten daramatzagunak. Eta kontagailua, martxan. Ozeanoak, hilobi.