Natura antzezle
Uda gau bateko ametsa” dugu, itxuraz, DSS2016k euskal antzerkiari egingo dion ekarpen nagusia. Maila handiko artista talde zabala bilduta eta dirua barra-barra erabilita, dimentsio itzeleko ekoizpena ondu dute –agian, inoizko euskal ekoizpen garestiena–. Horrelako proiektu handietan arriskua dago emaitza hutsalak izateko. Eta obrak ikusleen erraiak astinduko ez baditu ere, adierazi beharra dago meritu asko dituela. Istorioak, Shakespeareren kontakizun nire uste z usatuegiak, ez du ezer berezirik eskaintzen. Egokitzapenak aldaketa onuragarriak proposatzen baditu ere, obraren muinari eusten dio, txarrerako. Maitasun erromantikoaren gorazarre itsua da asuntoa, ideologia horrek gizarteari ekarri dizkion kalteak aintzat hartu gabe.
Baina horren atzean ikuskizun txundigarria dago. Ezkon-afari bateko gonbidatu izan ondoren, Kristinaenea parkean barneratuko dira ikusleak, tokian tokira egokitutako eszenaratze liluragarri bat topatzeko. Kukaiko eta TAE eskolako partaideak iratxo bihurtu dira eta, basoarekin bat eginda, lilura eta fantasiazko bidaia-lagunak dira. Espazio naturala baliatuz egindako konposizio eszenografikoak ikaragarriak dira. Poliki-poliki gaua hedatuz doa eta, zuhaitz eta landareekin batera, pertsonaia bihurtzen da. Easo abesbatzaren eta Kontserbatorioko kideen zuzeneko musika zoragarriak ipuin edo amets magiko batean barnerarazten du publikoa. Ikusleek berek ere edertasun handiko irudia osatzen dute, kriseilu bana dutela baso ilunetik igarotzean. Tarteka, Lewis Carroll-en Alizia dela irudituko zaio ikusleari, ispiluaren bestaldera iragan ondoren.
Nire ustez, aktoreen lana txukuna izan arren, gakoa espazio naturalaren baliatze dramatikoa eta proposamen estetikoa dira, gutxitan ikusten baita honelakorik gurean, eta are gutxiagotan, horrelako aurrekontuarekin.