24 JUN. 2016 IKUSMIRA Azterketek helduago egiten gaituzte? Nerea Goti Kazetaria Azken boladan azterketen gaineko eztabaida piztu dela ematen du. Ekainean gaudelako izango da, eta ikasturte amaierako ohiko azterketen garaia da; edo hemen Lomce ez baina oso antzekoa den Heziberri dekretuak ezartzen dituen “probek” hezkuntza komunitatea berriro ere astindu dutelako; edo selektibitate ospetsuari agur esan omen diogulako jakin gabe ze azterketa mota egin behar duten datorren urtean eta ikasleen erdiak baino gehiagok gainditu ezin izan duten Matematikako proba horrekin, Ipar Euskal Herrian frantsesez baino ez dagoen baxoa... Azterketa saltsa honetan, ikasleen ezagutza ebaluatzeko etsaminen aldeko iritzi batzuk agertu dira eta hitz ezberdinekin errepikatzen den hausnarketa bat: azterketek heldu egiten laguntzen dute. Dirudienez, azterketak egiten ez dituen hezkuntza sistema batek ‘infantilizatu’ egiten ditu ikasleak, ez die probak gainditzen irakasten eta jakina, bizitza probaz beterik dagoenez ez ditu haur horiek bizitzara ko behar bezala prestatzen. Ideia horren ondoan ezin dut burutik galdera bat kendu: zenbat bizitza “zapuzten” dituzte azterketek? Ez dakit pertsona helduez ari diren ala pertsona indartsuez, probak gainditzeko prestatutako jendeaz, oihan basatiaren erdian oztopoak gainditzeko bereziki presta tutako jendeaz. Oker nabil, agian, baina beste mundu batekin amets egiten dugunok beste hezkuntza sistema batekin ere amets egiten dugu, ikaste prozesuan gozatzen laguntzen duena, norberaren gaitasunak azaleratzen dituena, jende heldua, kritikoa, arduratsua... eta alaia egiteko.