Gertu edo urrun, hitzorduz jositako hilabeteak
Ligarekin irailean hasi eta abuztuan Holandako Europako Txapelketarekin amaitu arte, egutegia data gorriz beteta agertzen da. Futbolari euskaldunek ez dute bakar batean ere huts egingo.
Aurreko denboraldiaren erabateko amaieratzat hartu beharko genukeen arren, Euskal Herriko Koparen finalak irteera “tiroa” eman zion 2016-17 denboraldiari orain dela hamar egun. Gernikan hasi hitzordu gertukoenarekin eta datorren urteko abuztuaren 8an Enscheden jokatuko den Europako Txapelketaren finalarekin amaitu arte, hurrengo hamaika hilabeteak hitzorduz josita datoz. Eta beti, gertu edo urrun, euskaldunen protagonismoarekin.
Etxean hasita, pasa den asteburutik maiatzaren 21era arte lehiatuko den Ligak dakartza erronka nagusiak gure jokalari eta taldeentzat. Sei data gorriz markatuta, euskal derbiena: Athletic-Oiartzun (10/12), Athletic-Real (12/4), Real-Oiartzun (12/8), Oiartzun-Athletic (3/12), Real-Athletic (4/30) eta Oiartzun-Real (5/7). Ondoren, Koparen txanda helduko da, baita ere igoera play-offena Bigarren mailan dihardutenentzat.
Europa
Nazioarteko txapelketei begira, denboraldi berezia da europarrentzat, Holandak Europako Txapelketa antolatuko baitu uztailaren 16tik abuztuaren 6ra arte. Parte-hartzaileak, lehen aldiz, hamasei izango dira eta, lesioren batek ez badu eragozten, euskaldunak egongo dira bertan, Espainiak –azken deialdiko euskaldun bakarra Irene Paredes bada ere– sailkapena ziurtatu baitu dagoeneko. Baita Suitzak, Norvegiak, Ingalaterrak, Frantziak, Alemaniak eta Holanda anfitrioiak ere. Gainerako bederatzi txartelak urrira arte lehiatuko den sailkapen fasearen bi jardunaldietan eta play-offean erabakiko dira.
Holandan egongo diren jokalari askok beste lehiaketa batean ere elkarrekin topo egingo dute hurrengo hilabeteotan: Txapeldunen Ligan. Eta hor ere ez dira euskaldunak faltako. Azken Liga irabazi ondoren, Athletic urriko lehen astean estreinatuko da Fortuna Hjörringen kontra. Marta Unzue, Ane Bergara eta Leire Landaren Bartzelona, berriz, Minsken kontra arituko da lehen kanporaketan. Bidea osatzeko kapaz diren taldeek Cardiffen jokatuko dute finala ekainaren 1ean.
Erronka bikoitza
Euskaldun dexente espero dira beste lau txapelketatan ere. Lehenengoak, izan ere, konfirmatuta daude dagoeneko. Espainiako selekzioak Nerea Eizagirre zuri-urdina eta Maria Blanco, Damaris Egurrola, Oihane Fernandez, Eider Murgia eta Leyre Monente Athleticeko jokalariak deitu ditu Jordanian irailaren 30etik urriaren 21era lehiatuko den 17 urtez azpiko Mundu Txapelketan parte hartzeko.
Erronka bikoitza izango dute aurten sei euskaldunek –eta hurrengo hilabeteotan parte hartzeko aukera izan dezaketenek–. Pasa den maiatzean finala Alemaniaren aurka galdu ondoren, urrezko domina eskuratzeko beste aukera bat izango dute denboraldi amaieran, Txekian jokatuko den 17 urtez azpiko Europako Txapelketan.
Antzeko egoeran daude 19 urtez azpiko Europako Txapelketaren finalean Frantziaren aurka sekulako kolpea hartu zuten Nahikari Garcia, Amaia Peña, Andrea Sierra eta Lucia Garcia. Zapore txarra desagerrarazteko aukera bikoitza izango dute denboraldi hasi berrian. Udazkenean, Papua Ginea Berrian azaroaren 11tik abenduaren 3ra izango den 20 urtez azpiko Mundu Txapelketan. Eta zilarrezko domina hiru urtez jarraian lortu ondoren, Ipar Irlandan datorren abuztuan jokatuko den 19 urtez azpiko Europakoan.
Astea
Golak. 23 gol izan dira denera Lehen Mailako lehen jardunaldian, eta horien laurdena bi jokalariren artean lortu dituzte. Mari Paz (Valentzia) eta Paula Moreno (Betis) debutaria golegileen zerrendaren lehen postuan jarri dira, egindako hat-trick-ei esker.
Ordutegiak. Igandean jokatuko dituzte euskal taldeek bigarren jardunaldiko partidak. 11.00etan Sportingen eta Athleticen artekoa hasiko da, eta ordu erdi beranduago, Real-UDG eta Fundacion Albacete-Oiartzun neurketak jokatuko dira.
Deialdia. Irene Paredes (PSG) euskaldun bakarra da Espainiako hautatzaileak irailaren 15 eta 20an Montenegro eta Finlandiaren aurkako norgehiagoketan parte hartzeko egindako deialdian.
Fitxaketa. UDGk Jackie Simpson Floridako Unibertsitatean aritutako atzelari estatubatuarra fitxatu du. Simpsonen helduerarekin, 31 atzerritar arituko dira Iberdrola Ligan, 18 nazionalitatekoak: Brasil, Japonia, Errumania, Kolonbia, Mexiko, AEBak, Ukraina, Portugal, Paraguai, Frantzia, Costa Rica, Korea, Txile, Danimarka, Boli Kosta, Argentina eta Guatemala.
Bigarren maila. Aurrera denboraldiko lehen liderra da, Arratia 6-2 menderatu ostean. Mulierrek, EDFf, Athletic Bk, Gasteizko Neskak-ek eta Eibarrek ere garaipena lortu zuten.
Alemania. Ustekabeekin hasi da Bundesliga. Bayern txapeldunak etxean berdindu zuen Friburgorekin (1-1) eta Wolfsburgok ere puntu bakarra lortu zuen Sanden kontra (0-0). Frankfurtek, berriz, aise menderatu zuen Borussia Moenchengladbach (8-0).
NWSL. Washinton Spiritek play-offa jokatzeko txartela ziurtatu du, hirugarren urtez, WNYFekin berdindu ondoren (1-1), eta Liga erregularra amaitzeko oraindik hiru jardunaldi falta direnean.