Josu Iparragirrek bi aldiz jaso du 200 kiloko errektangularra, marka lortuz
Josu Iparragirrek bere helburua bete zuen, eta atzo eguerdian Mutrikuko Kalbario auzoan bi aldiz berdindu zuen 200 kiloko harri errektangularra hiru minutuko txanda bakar batean.
Plazetan ofizialki ibili gabea da azpeitiarra, baina atzo itxura oso ona eman zuen. Bere anaia eta Izeta III.a izan zituen alboan laguntzen, eta inongo arazorik gabe lortu zuen bere marka. Behin jasotzea nahikoa zuen, baina bi aldiz jaso zuen.
Epaileak txistua jo bezain pronto heldu zion harriari, eta azkar eta ondo jaso zuen, horrela marka eginez. Dezenteko tartea zuen beste jasoaldi bat emateko, eta, atsedentxo bat hartu ostean, txanda amaitzeko minutu erdi baino gutxiago falta zitzaiola heldu zion berriro ere; bigarrengoan ere ongi jaso eta berdindu egin zuen, horrela bere marka pertsonala bi jasoalditan utziz. Marka ona da, dudarik gabe, eta, atzokoa ikusita, segur aski besteren bat ere egin nahiko du, itxura bikaina eman baitzuen.
Bera ikusteko, gainera, jende asko hurbildu zen. Zaleek kirolari berriak ikusi nahi izaten dituzte, eta atzokoan ez zuten aukera hori alferrik galdu. Aurreko orduetako euriak ere atsedentxoa eman nahi izan zuen, eta giroak berak ere Iparragirreri lagundu egin nahi izan zion.