Andoni ARABAOLAZA
ANDINISMOA

Siula Granderen ekialdeko aurpegia askatzea lortu dute azkenik

Joan den abuztuan, Max Bonniot eta Didier Jourdain frantsesek Huayhuash mendilerroan dagoen sei milakoan «Le buit des glaçons» bidea zabaldu zuten. 1.500 metro luze da, eta 6c eta WI5 zailtasunak ditu. Estilo alpinoan eta paraboltik jarri gabe eskalatu zuten.

Peruko Huayhuash mendilerroan dagoen Siula Grandek (6.344 m) nolabaiteko sona berezia izan du beti eta izaten jarraitzen du. Ziur aski, irakurleak gogoan izango du 1985. urtean Simon Yates eta Joe Simpson britainiarrek bizi izan zutena; ondoren “Touching the Void” liburuan eta filmean isla izan zuena.

Bada, urte hartan jazo zen gertaera epiko horretaz gain, Siula Grandek bere baitan alpinismorako eremu arras erakargarria jasotzen du. Erakusleiho horrek, gainera, orain dela gutxira arte “sekretu” bat zuen. Misterioa argitzeko aurreratu dezakegu sei milakoaren ekialdeko aurpegiak orain dela gutxira arte askatu gabe zeukan korapilo bat gordetzen zuela; hots, oraindik igo gabe zegoen. Eta 2016. urtean gaudela ikusita, joan den abuztuan horma horretan gertatutakoa aipatzeko zein azpimarratzeko modukoa da.

Max Bonniot eta Didier Jourdain frantsesak dira hurrengo lerrootako protagonistak; izan ere, Siula Granderen ekialdeko aurpegia askatu eta paretaren lehen marra zabaldu dute. Gainera: bide eder, on eta gogorra eta estilo bikainean. Sokada horrek duela pare bat hilabete sortu zuen marra horri “Le bruit des glaçons” deitu dio. 1.500 metro luze da, eta bi zatitan banatzen da. Erdia zutoin batean (arrokan, 6c) eskalatu zuten, eta beste erdia elur zein izotzean (WI5, 70°). Oro har, ED zailtasuna jarri diote.

Baina aipatu dugu, halaber, estilo bikainean jardun zirela. Bost eguneko (lau bibak) eskalada estilo alpinoan egin zuten, eta azpimarratu behar da eskalada oso-osoa garbia izan zela. Beste era batera esanda, ez zuten parabolt bat bera ere jarri.

Hala, Bonniot eta Jourdainek sei milako batean alpinismo teknikoa indarrean jarri eta txalotzeko moduko jarduera handi bat egin dute. Horiek dira, beraz, Siula Granderen ekialdeko aurpegian alpinista frantsesek eginiko lanaren lerroburuak. Hurrengo lerrootan, berriz, protagonistok eskaladaren gaineko xehetasun guztiak eskainiko dizkigute.

«Le bruit des glaçons»

«Abuztuaren 16an, Siula Granderen ekialdeko aurpegia aztertzen hasi ginen, eta, esku artean genuen argazkiak eskaini zigun informazioarekin alderatuta, talka bat bizi izan genuen. Horma eskalatzeko aukera ezberdinak ikusi genituen, baina, era berean, baita etorkizun beltza ere. Azterketa hori ezinbestekoa zen, batez ere arrakasta lortzeko. Argi behar genuen izan pareta hori gainditzeko zenbat egun behar genituen, horrek bibak kopurua eta bizkar-zakuen pisua zehaztu behar zuelako.

Oinarrizko kanpalekura itzuli ginenean, ‘gure asmo handiak’ petateetan sartu behar genituen. Hasieran, gehiegizko pisua zuten, eta garrantzi gutxiko gauzak alde batera utzi genituen. Argi geneukan zutoina tentea zela, eta hura bizkar-zakuak sorbaldan zintzilikatu gabe eskalatu behar genuela.

Bost egun geroago zutoinari ekin genion. Lehen luzeak argi utzi zigun lan handia egingo genuela. Lehen iltzeak jarri eta gure planak aldatzen hasi ginen. Hirugarrenean, berriz, D egitasmoan buru-belarri geunden. Baina mendiak bere aurpegi onena eskaini zigun, eta, egoera hori aprobetxatuta, eskaladaren erritmoa oso egokia izan zen. Plazera zen ukitu gabe zegoen eta aurrean genuen eremu ezezagun horretan eskalatzea. Zoritxarrez, eguraldiak okerrera egin zuen eta eguerditik aurrera elurra egin zigun. Horren ondorioz, eskalada eten egin genuen.

Biharamunean, eguraldiak ezegonkor jarraitzen zuen eta bibakera itzuli ginen. 24ko iragarpena askoz ere hobea zen. Gauerdian eskalatzen hasi ginen. 200 metro igo ondoren, arrokak oso estu zen izotz tarte bati eman zion lekukoa. Katu-oinak eta magnesioa gorde eta Gore Texa eta pioletak hartu genituen. Izotzean luze bat eskalatu eta ‘kapela’ moduko gailur txiki batera heldu ginen; elurrezko zein izotzezko formazio bitxi hori buru gainean genuen.

Gauarekin batera, bibaka atondu eta biharamunak zer eskainiko zigun aztertzen hasi ginen. Zortea gure alde zegoen, eta agerikoa zen bide bat genuen aurrean.

25ean, eguerdi aldera, ohartu ginen hormaren zailtasunak gero eta gogorragoak zirela. Une horretan bidearen norabideaz eztabaidatzen hasi ginen; izan ere, ez genuen batere argi. Gure arteko eztabaidak argitzen joan ziren, eta goialdean zegoen sekzio tente bati jarraitzea erabaki genuen. Oso agerikoak ziren artesi batzuen bila abiatu ginen.

Paraboltik eraman ez genuenez, gure helburu nagusia bide errazena jarraitzea zen; bederen, aleatorioa izango ez zen norabide bat. Ezkerraldera? Eskuinaldera? Berriro ere zortea alde geneukan eta iltzeak sartzeko arazorik ez genuen izan.

Eguraldi bikaina zen, eta elur pixka batek soilik ilundu zuen argi hori. Gaua heldu baino lehen, paretaren izkina batean plataforma bat aurkitu genuen. Bibaka altxatzeko gai izan ginen, baina aitortu behar dugu nahiko deserosoa zela.

Hurrengo eguneko goiz osoa eskalatzen jarraitu genuen. Gustura geunden kareharri horrek artesi gehiago eskaintzen zizkigulako. Eguerdi aldera arrokazko triangelu baten (5.700 m) goialdera heldu ginen. Guztira, 750 metro gaindituta genituen. Beste era batera esanda, zutoina patrikara sartu eta mendiaren ekialdeko aurpegiaren hego ertz handira sartu ginen.

Bigarren igoera bat hasi zen hor bertan. Eguraldia aldatzen hasi zen. Gau horretan fronte bat mendilerroa zeharkatzekoa zenez, gailurrera ahal genuen azkarren igotzea erabaki genuen. Gutxieneko tresneriarekin hurrengo bibakera abiatu ginen.

Arrokaren kalitatea txarra zenez eta elurrarekin tapa-tapa eginda zegoenez, 60 metro soka finkatu genuen. Bueltarako soka horrek asko lagunduko zigun. Hurrengo 30 metroetarako soka gehiago ez genuen, eta, horren ondorioz, izotz tente batean rappel egin genuen.

Konpromisoa gero eta handiagoa zen: mendian gu geu bakarrik geunden. Sarapoko glaziarra oso hautsita zegoenez, hobe genuen erretiratzeko asmoa baztertzea eta aurrera jarraitzea. Eta hori egin genuen. Hego-ekialdeko ertzean geunden elurrezko zein izotzezko aldats gogorrak eskalatzen. Une horretako eskalada oso neketsua eta fisikoa zen.

Elur sakonean ere lan eskerga egin behar izan genuen, eta geure buruak segurtatzeko tarteak gero eta urriagoak ziren. Gainera, behe lainoak eskaladari ‘giroa’ eman zion. Kopetako-argiak lagunduta, gaueko bederatzietan gailurreko perretxiko handira iritsi ginen. 6.200 metrora bibak eder bat prestatu genuen. Bi ordu geroago, leher eginda, lo geratu ginen.

Goizeko bostetan martxan ginen, eta zortzietarako gailurra zapaldu genuen. Jaitsiera luze bat (rapelatzeko 30 iltze eta stopper erabili genituen) egin ondoren, 28an, eguerdiko ordu bietan, glaziarrera heldu ginen. Gailur mitiko zein misteriotsu bat lortu genuen! Eta, batez ere, igo gabe zegoen horma bat eskalatzeko gai izan ginen».