Kyzil-Asker «ezezaguna»gero eta askeago bihurtzen ari da
Uztailean, hirukote errusiar batek «The Spear» bidea (A3, M8, 1.000 m) zabaldu zuen mendiaren hego-ekialdeko hormatzarrean.
Kirgizistanen dagoen Kyzil-Asker mendia (5.842 m) gainean zituen hautsak askatzen ari da, eta gero eta ezagunagoa da. Kokshaal-Too mendilerroaren mendebaldeko aldean dago; hain zuzen ere, Kirgizistanen eta Txinaren arteko mugan. Mendiaren aurpegiei begiradatxo bat ematen badiogu, di-da batean ohartuko gara hego-ekialdeko hormak alpinismorako jolas-eremu arras erakargarriak direla. Alpinista batzuek diote Grandes Jorasseseko ipar paretarekin antz handia duela, eta guk ere uste dugu iritzi horretan ez daudela batere oker.
Alabaina, duela bederatzi urtera arte granitozko hormatzar horrek ez zuen bide bat bera ere jaso. Sormen lanetan ibili ziren lehen alpinistak Alexander Ruchkin, Mikhail Mikhailov eta Alexander Odintsov errusiar entzutetsuak izan ziren.
Hirukote hori izan zen, beraz, Kyzil-Asker mendiaren hego-ekialdeko hormaren ateak zabaldu zituena. Ondoren, beste bide berri batzuk zabaldu dira; beste lau, zehazki. Azkena, pasa den uztailean. Protagonistak honakoak izan ziren: Oleg Khovstenko, Vasya Terekhin eta Alexander Parfyonov. Hauek ere errusiarrak. Proposamenari “The Spear” deitu diote. Kilometro bat luze da, eta errusiar eskalan VI zailtasuna jarri diote. Teknikoki zehazten badugu: A3 eta M8.
Beraz, ikusten denez, Kyzil-Asker mendiaren hormatzar tekniko horrek bost bide ditu dagoeneko. Haien egileak ingurumari hartako (batez ere errusiarrak) badira ere, ez genuke aipatu gabe utzi nahi bi talde “atzerritar” ere han izan direla: bata, frantziar-belgikarra; eta, bestea, ekuadortarra. Lehenbiziko taldeak, duela hiru urte, hego-ekialdeko zutoina (1.400 m) era askean igo zuen: 5.12c eta M6/7. Eta 2014. urtean, bigarren taldeak 1.100 metro luze den “Sal con cebolla” marra sortu zuen: 5.12a, C1, WI5+ eta M6+.
Gehiegi ez luzatzeko, horiexek dira Kyzil-Asker mendiaren hego-ekialdeko aurpegiak orain arte eskaini dituen bost bideen zertzelada nagusiak. Guk, jakina, zabaldu den azken marraren kronikari ekingo diogu.
Hasteko eta behin, Khovstenkok aurreratu du Kirgizistango mendi horren hormatzarra buruan zuela: «Duela sei urte, nire kide Denis Prokofiev eta biok Kyzil-Asker mendira espedizio bat prestatzen hasi ginen. Baina, hainbat arazo zela medio, gure egitasmoa bertan behera utzi genuen. Gero, beste espedizio eta proiektu batzuk egon ziren. Baina, zorionez, izarrak lerrokatu ziren, eta duela sei urteko gure xedean buru-belarri jartzea erabaki nuen. Kirgizistanera joatea nahiko ‘merkea’ da, eta horrek ere hara abiatzera bultzatu gintuen. Horrez gain, pareta horretan Ruchkin eta enparauek [San Petersburgoko taldea] zein Nilov-Golovchenko-Grigorievek [Moskuko taldea] eginiko bide bikainengatik. Horrela bada, otu zitzaigun bi marra horien artean guk [Krasnoyarseko taldea] bide berri bat sartzea».
Khovstenkok ez zuen arazo “handirik” izan espediziorako kideak lortzeko. Eskaria egin eta segituan Terekhinek baiezko erantzuna eman zuen. Eta ondoren, Parfyonov batu zitzaien: «Egun, Krasnoyarsken skyrunner piloa dago, baina pareta teknikoetan eskalatzen dutenak oso gutxi dira. Biak ala biak gazteak dira, eta haiekin ez nuen inoiz eskalatu. Beraz, jazz-ean bezala, asko inprobisatu behar izan dut. Gazte hauek oso jarrera baikorra dute, eta, gainera, oso motibatuta zeuden. Vasya izotz-eskaladan oso indartsua da, eta Alexander artifizialean».
Astebete paretan
Mendira hurbiltzeko ez zuten eragozpenik izan. Eguraldiarekin, berriz, buruhauste batzuk izan zituzten: «Uztailean zehar oso eguraldi ezegonkorra izan genuen. Hala ere, ezin dut esan muturreko eguraldia izan genuenik. Tenperaturari dagokionez, ez dut uste -5 gradutik behera egon ginenik. Denetarik izan genuen, baina, zehazteko, mendian igaro genituen zazpi egunetatik erdia eguraldia ona izan zen eta beste erdia txarra».
Argazkian ikusten den bezala, “The Spear” bide berria hego-ekialdeko paretaren erdian sortu zuten. 1.300 metroko proposamena zabaltzeko uztailaren 19an hasi ziren. 24an gailurra egin eta biharamunean oinarrizko kanpaleku aurreratura jaitsi ziren.
Lehen eskalada egunean ez ziren oso goiz hasi; izan ere, haizeteak zituzten eta ikuspen eskasa. Hasteko, sokaburu lanetan Terekhin hasi zen. Izotz zein elurrezko aldats batzuk igo, eta mistoko tarte bati ekin zion. Segituan pareta tente jarri zen, eta zailtasun tekniko gogorrak iritsi ziren. Eroria zuen bizpahiru metroko tarte batean parabolt bat jarri zuen. Lanak amaituta bibaka antolatu zuten, eta han ere parabolt bat gehitu zuten.
Biharamunean, Parfyonovek ardura hartu zuen. Eguraldia lagun zuten, eta eskaladaren erritmoan asko lagundu zuen horrek. Haatik, taldeko buruak izotza zuen artesietan zein tximinietan lan eskerga behar izan zuen egin.
Hirugarren egunean, bi gazteek lekukoa espedizio buruari eman zioten: «Artesi bikainak zituen plaka batzuk eskalatu nituen, eta, ondoren, mistoko tarte batzuk. Baina gorago izotzarekin topo egin eta Vasyari esan nion aukera zuela bere gaitasunak demostratzeko. Eguraldiak okerrera egin zuen, eta gau osoa elurretan pasatu genuen».
Laugarren egunean, atertu egin zuen, baina ikuspena txarra zen. Eskaladaren giltza aurrean zuten: «Dena izoztuta zegoen, eta A3 graduko luze bat gainditu behar izan genuen. 5.500 metrora geunden; erabat blai eginda eta izoztuta. Gure egoera tamalgarria zen».
Azken bi egunak ere gogorrak izan ziren oso. Lehenbizikoan neguko eguraldiarekin eskalatu zuten. Bigarrenean ez, baina mistoko tarte gogorra gainditu behar izan zuten: «Vasyak izotz ustela zuen M8 graduko tarte bat igo zuen. Hortik aurrera egoera ‘lasaitu’ zen. Ertzera iritsi eta di-da batean gailurrera heldu ginen. Han goian eguraldi zoragarria egiten zuen, eta gozatu ederra hartu genuen. Jaitsieran ekaitzak harrapatu gintuen, baina segituan baretu zuen; eskerrak!».