19 OCT. 2016 Emakumezkoen futbola Arnasa hartzeko unea Ligaren etenaldia denboraldiko lehen porrota sufritu ondoren etorri zaio Athletici. Aprobetxatu beharkodute zuri-gorriek, egutegiaren zati gogorrenari aurre egin beharko baitiote atzera lehiaketari ekitean. Amaia U. LASAGABASTER Arnasa hartzeko premia eta betebeharra. Aukera biak eskaintzen dizkio Ligaren etenaldiak Athletici; exijentzia handiko asteen ostean dator atsedena eta egutegiko zati gogorrenari bide emango dio. «Egun gogorrak izan dira –onartu du Maite Lizasok–. Hegazkina, partida, hegazkina berriro, entrenatu, partida... Bizpahiru astetan horrela ibili gara». Eta «nekea igartzen da», batez ere emaitza txarrak heldu direnean. «Bai, irabazten zoazenean, ezer gutxi nabaritzen duzu, baina azken bi kolpe hauekin (Fortunaren eta Valentziaren aurka sufritutako denboraldiko lehen porrotak), pilatutako neke guztia gainera etorri zaigu». Baita «tristura eta amorrua» ere, batez ere Championseko kanporaketan gertatutakoagatik. «Alde batetik, garratza izan zelako galtzeko era. Eta, batez ere, partida biak ikusita aurrera jarraitzea merezi genuela uste dudalako». Baina horregatik beragatik, hain zuzen, erdilari gipuzkoarrak «denborarekin sentsazioa bestelakoa» izango dela uste du, «egindakoa gehiago baloratuko dugula». Etorkizunean izan beharko, oraingoz faktura ordaintzea tokatu baitzaie zuri-gorriei. Ordainak neke forma hartu du baina baita, beste behin, lesio itxura ere. «Sinestezina da bolada hau. Hiru taldekide (Garazi Murua, Vanesa Gimbert eta Nekane Diez) lesionatu zaizkigu bi partidatan eta hori, esfortzuen pilatzeari lotuta, Valentzian nabaritu genuen. Ez genuen ondo jokatu eta, azkenean, Ligako lehen porrota sufritu genuen». Baina, hala ere, neurketa horrek azken aste hauetako partida gehienek erakutsi dutena berretsi zuen, Athleticek ez duela amore ematen. Valentzian, galdu arren, desabantaila txikitzeko erreakzionatu zuen, Fortunaren aurkako partida bietako une larrienetan egin zuen bezala, edota Betis eta Santa Teresaren kontrako norgehiagoketan markagailuari buelta emateko erreakzionatu zuen bezala. «Bai, Championseko esperientziaz gain, horixe izan daiteke aste hauen irakurketa onena, aurretik ere talde hau mentalki oso indartsua dela bagenekien arren. Beti ezin dugu markagailuan islatu, baina hala ere, azken unera arte ahalegintzen gara eta, gainera, ezbeharren aurrean adoretu egiten gara». Ziurtasun hori aurrerantzean baliagarria izan daitekeela uste du Lizasok. Eta laster izango du bere teoria egiaztatzeko aukera, Ligaren etenalditik bueltatutakoan egutegiko zati gogorrenari ekingo baitio Athleticek, hain justu, Atletico, Levante, UDG, Bartzelona eta Realaren aurkako partidekin –horien artean, gainera, iragan astean Oiartzunen kontra atzeratutako derbia ere jokatu beharko du–. «Egia esan, betiko moduan jarraitzen dugu, egunez egun pentsatuz. Orain ostegunera arte lan egingo dugu, gero hiru egun dauzkagu deskonektatzeko, eta ondoren, Atleticoren aurkako partida prestatzen hasiko gara. Eta gero gerokoak– azpimarratu du zarauztarrak–, baina egia da erabakigarria izan daitekeela hurrengo hilabete eta erdia. Goialdeko borrokan jarraitu nahi badugu, onena eman beharko dugu hurrengo asteetan». Astea Golak. Sonia Bermudezek (Atletico) golegileen zerrendan lehen postuan jarraitzen du, 12 golekin, baina asteko protagonista UDG taldeko Luanda Spindler da. Aurrelari brasildarra sailkapenaren bigarren postura igo da, azken zortzi egunotan jokatutako hiru partidetan sartu dituen zortzi golei esker. Lagunartekoa. Ligaren etenaldia aprobetxatuz, Realak eta Oiartzunek lagunartekoa jokatuko dute larunbatean Don Bosco Zelaian (11.30), Pasaia KE taldearen 75. urtemuga ospatzeko. Ebakuntza. Eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatuaren haustura konpontzeko ebakuntza egin zioten Ainhoa Alvarezi joan den astean. Athleticeko erdilariak urte erdiko errekuperazioari ekin beharko dio orain. Deialdia. Irene Paredes da oraingoan ere euskaldun bakarra Espainiak eta Ingalaterrak urriaren 25ean Guadalajaran jokatuko duten lagunartekorako Jorge Vildak egindako deialdian. Fitxaketa. Valentziak Washington Spiritetik datorren Estefania Banini argentinarra fitxatu du. Talde estatubatuarraren denboraldiko golegile nagusia izan ondoren, erdilaria Colo Colon taldekideak izandako Yanara Aedorekin eta Christiane Endlerrekin elkartuko da. Bigarren maila. Mulierrek ez du erritmoa jaitsi eta asteko hiru partidak irabazi ditu, lidergoari eutsiz. Bost puntuko aldea dute nafarrek atzetik dituzten EDG eta Athletic B taldeekiko. Champions. Bartzelonak eta Twentek iazko neurketa errepikatuko dute 1/8etan. Azaroaren 9a eta 16a bitartean lehiatuko den kanporaketaren gainerako partidak honako hauek dira: PSG-BIIK, Slavia Praga-Rosengard, Manchester City-Brondby, Brescia-Fortuna Hjorring, Olympique-Zurich, Eskilstuna-Wolfsburgo eta Bayern-Rossiyanka. Suedia. Zazpi urteko itxaronaldiaren ondoren, Linkopingsek bere bigarren Liga irabazi du. Zortzi puntuko aldea ateratzen dio Ronsegardi bi jardunaldien faltan.