Jaime VALVERDE
ANTZERKIA

Orezta bat itxurakeriaren paradisuan

Hondartza itxurakeriaren garaiko tenplua omen da. Era guztietako erakustaldiak egitera joaten da jendea bertara: guraso-haurrak beren zoriontasun familiarra erakustera; beste batzuk beren gorputz depilatu-beltzaran-tatuatuak ikusaraztera... Eta hara non mamarro bat azaltzen den perfekzioaren paradisuan bere heterodoxia disruptiboarekin oreka hipokrita hori distortsionatzeko. Idoia 40 urte inguruko emakume bat da, oreztaz beteriko gorputz zuri disonantea dauka eta gozatu egiten du bere presentziak normaltasunaren akolitoen artean sortzen duen ezinegonaz.

Hauxe da Dxusturi Teatroaren bigarren lana, berriz ere Pablo Ibarluzearen zuzendaritzapean eta berriz ere genero desoreka oso presente duen ahots bat plazaratuz. Eider Rodriguez, Miren Agur Meabe eta Marcela Iacub idazleen lanetan oinarriturik, kalitate handiko testu bat osatu dute. Liburuzain oposizioak atera nahi dituen irakaslea dugu protagonista eta, azterketaren gaiekin lotura eginez eta beste hainbat erreferentzia gurutzatuz, bakarrizketa zorrotz, azido eta sakona dugu emaitza, nahiz eta obraren tonu komikoan oharkabean igaro daitekeen. Hori bai, uste dut esaldi eder batzuk entzuteko baino irakurtzeko direla, edo behintzat, arnas pausatuago batekin botata hobeto ulertuko liratekeela, kontuan harturik gainera Eneritz Artetxek ebakera behartua baliatzen duela pertsonaiaren kutsu komikoa lortzeko.

Edonola ere, lan ikaragarria egiten du aktoreak, eszenografia soil batekin kapaza baita eszena osoa bere presentziaz betetzeko eta jendez lepo omen dagoen hondartza batera publikoa eramateko. Clown onek bakarrik dakiten moduan, ikuslea pertsonaiaren munduan sartzen da konturatu gabe eta bere obsesio bihurri, bere izaera grotesko, eta bere aje eta txotxolokeria guztien konplize gogoberotua bilakatzen da.