28 NOV. 2016 ANTZERKIA Iceberga Jaime VALVERDE Emakumeenganako indarkeriaren kontrako egunean, emakumeenganako zapalkuntzari buruzko obra bikaina eskaini du Hika Teatroak Basaurin. Lehenengo asmoa “Bernarda Albaren etxea” taularatzea omen zen, baina zorionez egileek obra berri bat sortu dute azkenik, Lorcaren lan handiaren izpiritu eta atmosfera itogarria gordez eta gurera egokitutako istorio eraginkor bat plazaratuz. Esango nuke iceberg moduko istorioa dela kontatzen dena, non urak ezkutatutakoa, kanpokoa baino askoz handiagoa den. Ahizpa biren bizitzaren azpian badago zama ikaragarri bat hondora erakartzen dituena. Aktoreen jokatze bikainean bermatuta, tragedia familiar honen kausa argituz doa: hots, ama elizkoi eta zapaltzailea, hilik egon arren bi alaben ametsak oraindik gaiztotzeko kapaza dena eta beraien arteko erlazioa pozoitzen duena. Baina arazoa ez da zehazki ama; estruktura handiago baten bitartekaria baino ez da berau, eta haren lehenengo biktima. Elizak sostengatu duen patriarkatua dute arazoa, emakumeei gainean ezartzen zaien pisu ikusezina, iraulitako iceberga balitz bezala, kristalezko sabaiaren gainetik beheranzko presio ikaragarria egiten duena. Aldiz, obra hau ez da Lorcarena bezain tragikoa; hemen, errealitatean bezala, zapalduen arteko zapalketa elkartasun bihur baitaiteke, baldin eta bi protagonistak beren ahizpatasuna berreskuratzeko gai badira.