GARA Euskal Herriko egunkaria
Emakumezkoen futbola

«Burua zaindu behar dugu egoerari buelta emateko»

Oiartzunek berari ateak zabaldu ondoren, Esti Aizpuruak bultzada bueltatu nahi dio, gora egiten lagunduz.


Udazkeneko haize zakarrek nabarmen hoztu dute giroa euskal futbolean. Athleticek urrutitik jarraitzen dio tituluaren borrokari, Realak ez du beharrezko erregulartasuna inon topatzen eta Oiartzun zenbaki gorrietatik irten ezinda dabil.

Bada hilabete bat, ordea, Gari Argoteren taldeak ezusteko laguntza topatu duela egoerari buelta ematen saiatzeko. Laguntza-trukea litzateke, zehatzago, aurreneko urratsa Oiartzunek berak eman baitzuen bere ateak zabalduz, hain zuzen ere, Esti Aizpuruaren itzulera ahalbidetzeko, atzelaria Athleticetik irten ondoren.

Abentura motza eta ezusteko amaieraduna, Aizpuruak Lezaman bizi izan duena. Bera da, noski, bestelako istorio bat idaztea espero zuen lehena. «Aukera iritsi zen eta ilusioa egiten zidan. Baina beti ezin zara leku guztietan ondo egokitu», onartu du. Hori gertatu zaio berari. «Ez nengoen ondo. 27 urterekin harrapatu nau, futbolaz gozatu nahi dudan unea da, ikusten nuen minutuak ez neuzkala, nire lekua ez zela sentitzen nuen, nahiz eta ilusio handiz joan. Beraiekin hitz egin nuen eta etxera bueltatzea erabaki nuen, lasai egoteko, nire lanarekin jarraitzeko...». Argi dago esperientzia ez dela ona izan, baina «gizakiok masokista samarrak garela uste dut –dio barrez– eta azkenean une txarrak ere aprobetxatzen ditugu. Ez da irten nik nahi nuen bezala, argi dago, baina esperientzia guztietatik ikasten da eta askotan hain positiboak ez direnetatik are gehiago ikasten dugu», azpimarratu du.

Ikasketa berri horiek aplikatzeko eta, lehenik eta behin, ilusioa berreskuratzeko, etapa berri bati ekin dio Aizpuruak aurrekoa itxi bezain laster. «Eta eskerrak eman besterik ezin dut egin», aitortu du, «Oiartzuni deitu eta berehala zabaldu baitzizkidan ateak». Lasaitasuna, ilusioa eta, azken finean, irribarrea berreskuratu ditu bere talde ohiaren baiezko horri esker eta orain Oiartzuni berari antzeko prozesuari ekiten lagundu nahi dio atzelari donostiarrak.

Izan ere, beharra badauka talde urdinak, emaitzek bizkar eman baitiote eta, denboraldiko lehen herena gaindituta, jaitsiera postuetan baitago. Berak bizi izan duenaren ereduari jarraituz, Aizpuruak argi dauka zeintzuk diren lehentasunak une honetan: «Adorea ez galtzea. Buruak hankek baino gehiago agintzen du eta, beraz, burua zaindu behar dugu egoerari buelta emateko».

Are gehiago, taldea «lan ona egiten» ari dela kontuan hartuta. «Eguneroko lana oso ona da, lan fisikoa, entrenamenduetan, partidetan... lanaren eta ahaleginaren aldetik ez dago eragozpenik batere» eta, horregatik, «denok elkar animatzen eta animoari eusten» ahalegintzeak duen garrantzia nabarmendu du.

Ez da, edozein kasutan, premia bakarra. «Beti daude konpontzeko gauzak, are gehiago behealdean zaudenean. Jende berri asko dagoela aintzat hartuta, elkar ondo ezagutzen amaitu behar dugula uste dut. Une zehatzetan iaz eduki genuen zortea ere faltan botatzen dut. Eta gure erantzukizunari dagokionez, kontzentrazioari eutsi behar diogula ere azpimarratuko nuke. Iaz hainbat puntu eskuratu genituen partidetako azken minutuetan eta aurten galtzen ari gara. Hori nahitaez konpondu behar dugu».

Eta horretaz gain, ziur aski, urte berria beso zabalik hartu, Oiartzun, egun, egutegiko zatirik gogorrenean baitago. Atletico, Valentzia eta UDGren kontra jokatu ondoren, Bartzelona, Real, Rayo eta Athleticekin lehiatuko da 2016ko azken jardunaldietan. «Argi dago ez dela erraza izango puntu asko lortzea hurrengo aste hauetan», aitortu du gipuzkoarrak. «Baina, beharbada, ikuspegiari buelta eman eta aukera azpimarratu beharko dugu. Ezin dut imajinatu ere egin zer-nolako bultzada emango ligukeen Bartzelonaren kontra emaitza on bat lortzeak».