Jasoaldi bateko aldearekin irabazi du Ugartemendiak
Azpeitian jokatutako apustuak ikaragarrizko emozioa izan du. Azkenekotxandan norgehiagoka berdintzeko zorian izan da Xabier Aranburu.
Iban Ugartemendiak irabazi zion atzo Xabier Aranbururi Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatu zen apustu bikaina. Azkenean jasoaldi bakar bateko tartea egon zen bien artean. Kirolari bakoitzak 200 kiloko harri errektangularra erabili zuen, eta lanerako, berriz, seina minutuko hiruna txanda izan zituzten. Alde bakoitzak 5.000 euro jarri zituen dirutan. 300 ikusle pasatxo izan ziren neurketa ikusten.
Zaleek emozioa nahi izaten dute honelako neurketetan, eta atzokoan soberan izan zuten. Bi kirolarien artean alderik ez dagoela ikusi zen, eta azkeneko jasoaldira bitartean ez zen ezer erabaki, eta amaieran berdinketa ere oso gertu izan zen.
Zozketak horrela erabakita, Iban Ugartemendia izan zen lanean hasi zen aurrenekoa. Hernialdekoak oso lan ona egin zuen, eta, sei minutuko txanda amaitu zenean, hamar jasoaldi lortu zituen; horiekin amaitu zuen bere jarduna.
Atzetik plazaratu zen Aranburu, eta Idiazabalgoak ere ez zuen lan makala egin. Honek ere harria bizkarrean hamar aldiz berdindu zuen, aurrekoak egindako marka berdinduz. Beraz, hortik aurrera erabaki beharko zen dena.
Bigarren txandan gauza asko gertatu ziren. Ugartemendia plazaratu zen lehendabizi, eta apustua ere hortxe erabaki zuela esan daiteke. Berak bederatzi aldiz jaso zuen harria bizkarraren gainera, eta berdindu ere bai. Aranburuk bi jasoaldi gutxiago lortu zituen txanda honetan, eta azkenean hortxe erabaki zen auzia. Urrestillan bizi den idiazabaldarrak bi ustel ere egin zituen bigarren txandan, eta horrek eragina izan zuen. Nekea berdina izaten baita, eta, saria, aldiz, ez. Azkenean, bigarren txanda amaitu zenean, bi jasoaldiko tartea zegoen bi kirolarien artean, eta apustua erabakita egon zitekeela ematen zuen, nahiz eta garbi geratu zen bien artean ez zegoela alderik. Hirugarren txandan horixe baieztatu zen, berdintasun handia zegoela, alegia.
Azkeneko txandan, Ugartemendiak zazpi jasoaldi eman zizkion 200 kiloko koadroari. Zortzigarrena egiteko zorian ere izan zen, baina aurrera alde egin zion, eta bera ere erori egin zen; horrenbestez, ustela izan zen. Amaieran zazpi jasoaldirekin geratu zen.
Amaiera oso estua
Azkeneko txanda oso ongi osatu zuen Aranburuk. Lan bikaina egin zuen eta aurka zuen aldea ia berdindu egin zuen. Zortzi jasoaldi lortu zituen, eta bakarra falta izan zitzaion Ugartemendiaren lana berdintzeko. Apustua berdinean amaituko zela zirudienean, denbora agortu zitzaion, eta azkeneko jasoaldiak ez zion balio izan. Bizkarrean berdintzea bakarrik falta zitzaion, baina denbora agortu egin zen, eta apustua galdu egin zuen. Amaieran, eta hiru txandetako jasoaldiak kontuan hartuta, Ugartemendiak 26 jasoaldi lortu zituen, eta, Aranburuk, 25.